Felix Buffen Rüdiger taldeak kontzertua emango du Ateneoan

Aritz Maldonado 2024ko api. 19a, 10:30

Rüdiger.

Elorrioko Ateneoko ekimena ikasturteko azken emanaldia izango da, gaur. Bertan, Rüdiger eta Zoe Igartiburu arituko dira.

Rüdiger Felix Buff bateria-jotzailearen bakarkako proiektua da. Buff, batez ere Willis Drummond taldeko kidea izateagaitik da ezaguna; hala ere, dozenaka proiektutan parte hartu du; besteak beste, Joseba Irazoki, Atom Rhumba, Mikel Erentxun, Duncan Dhu, Napoka Iria eta Botibol artistekin lan egin izan du. 2020an Before it´s vanished lehenengo lana kaleratu zuen, eta iazko urte amaieran The dancing king. Lehenengo diskoagaz bat baino gehiago aho zabalik utzi eta gero, bigarren lanagaz oraindino zale gehiago batuko ditu musikariak. Izan ere, bere proposamen honetan gehiago sakondu du. Gainera, Willis Drummondek egin duen geldialdiak zuzeneko gehiago emateko aukera eman dio. The Beatles taldearen eragina nabaria da lan honetan ere, baina psikodelian bidaiatzeko lizentzia ere hartu du musikariak. Bira honetan, Joseba Irazoki (gitarra), Vincent Bestaven (teklatuak), Antoine Philippe (baxua) eta Mikel Sanchez (bateria) igoko dira taula gainera Buffegaz batera.

Aurtengo zikloak bost gaualdi izan ditu, eta, besteak beste, Nakar, Mice, Sei Sega, Haira eta Ezta Ilen taldeek emango dituzte kontzertuak.  

Igartibururen debuta
Bestalde, Zoe Igartiburu elorriarraren debuteko kontzertua ere izango da gaurkoa. Gazteak hiru single kaleratu ditu azken sasoian, Not my fault, December eta Maybe with you, eta horiek zuzenean aurkezteko aukera izango du gaur. Emanaldia 22:00etan hasiko da eta sarrerak momentuan bertan erosi ahalko dira, zortzi euroan. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!