2021eko udan San Josen atxilotutako sei gazteak babesteko elkarretaratzea egingo dute Elorrion

Anboto 2024ko api. 9a, 10:52
2021eko udan egindako elkarretaratzea

Elkarretaratzea apirilaren 19an izango da, 19:00etan, Elorrioko plazan. Elorrioko gaztetxeak sare sozialen bidez eman du mobilizazioaren berri. Gaztetxeko kideen arabera, hilabete honetan epaituko dituzte 2021eko udan San Jose inguruetan atxilotu zituzten sei gazteak. Gau hartan 18 eta 28 urte bitarteko sei gazte atxilotu zituen Ertzaintzak, eta karga bidez bertan zeudenak ere dispertsatu zituzten. 

"Hurbiletik bizi dugun hau Euskal Herriko beste hainbat txokotan gertatutako errepresio kasuen zerrendako bat gehiago da: Indar Gorriko 61 atxilotuak, Tolosako Iñauterietako kargak, Astigarragan poliziak eraildako gizona, Gasteizko GKSko mobilizazioaren aurkako bortizkeria, Lapurdiko atxilotuak eta abar luze bat. Komunikabideen, sare sozialen eta heziketa sistemaren bidez gazteok kriminalizatzen gaituzte eta gure aurkako jazarpena zein bortizkeria poliziala justifikatzen dituzte. Horrela, interbentzio hauek egunerokotasuna bihurtu dira", salatu dute ohar baten bidez. 

Aipaturiko arrazoi horiek salatzeko, auzipetuei elkartasuna adierazteko eta "errepresio sozialaren gorakada eta normalizazioa seinalatzeko" egingo dute elkarretaratzea, apirilaren 19an, 19:00etan, Elorrioko plazan. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!