Elorrioko Buskantzak Euskal Kopako Lauko Finala jokatuko du asteburuan, Lezon

Joseba Derteano 2024ko mar. 21a, 12:50

Asteburuan areto futboleko Euskal Kopako Lauko finala jokatuko da Lezon (Gipuzkoa), eta hantxe izango da Elorrioko Buskantza.

Aurkari indartsuen kontra ez dute galtzeko ezer, eta sorpresa emateko prest joango dira elorriarrak. "Maila handiko aurkariak egongo dira, baina gogotsu eta gure onena emateko asmotan goaz", adierazi du Unai Arregi taldeko jokalariak. 

Elorrioko Buskantzak Antiguoko taldearen kontra jokatuko du finalerdia, zapatuan, 16:15ean. Maila bat gorago dabil Antiguoko, Hirugarren Mailan. Ez hori bakarrik, lider sendoa da gainera: ligako 23 partiduetatik 21 irabazi ditu. Beraz, partidu gatxa izango dute elorriarrek. Beste finalerdia Gernikaren eta Gora Bilbaoren artekoa da. Hauek ere Hirugarren Mailako taldeak dira. Finala domekan izango da, 17:00etan.

Gertatzen dena gertatzen dela, Elorrioko Buskantza harro egoteko moduan dago orain arte eginiko lanagaz. Lauko Finalera sailkatzeko, Santurtzi, Sasikoa Durango  —penaltietan— eta Donostiako Martutene Zumardi taldeak kanporatu behar izan ditu, denak Euskal Ligakoak, Buskantzaren maila berekoak. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!