“Ea orain, herritar guztion indarragaz, eguneko zentroa errealitate bihurtzen den”

Maialen Zuazubiskar 2024ko mar. 8a, 13:00
Gurutz Sainz de Murieta eta Josune Mazorriaga.

Elorrion eskari historikoa da Eguneko Zentroarena. Herritarrek eta gobernu taldeak zentroa ezinbestean behar dela ikusten dute, baina Bizkaiko Foru Aldundiak ez. Herritarrak "borrokatzeko" prest daude eta sinadura bilketa bat hasi dute. ANBOTOk Josune Mazorriaga erizainagaz eta Gurutz Sainz de Murieta pentsiodunagaz berba egin du. 

'Bizi duin, eguneko zentroa orain' kanpaina martxan ipini duzue. Zertan datza kanpaina?
Josune Mazorriaga: Kontua da pentsiodunek, bere garaian, kanpaina bat egin zutela. Sinadurak batu, eta Aldundian entregatu zituzten. Udaletik ere joan izan dira datu guztiak eramatera, baina ezezko borobilak jaso dituzte. Eta herritarrok konturatu gara mugitu egin behar dugula, orain arte Aldundiak ez duelako ezertxo ere egin zentroa egotearen alde. Eta, gure iritziz, gure herriak ezinbestean behar du halako zentro bat. Bizkai guztian 7.000 biztanletik gorako herri bi baino ez daude eguneko zentrorik barik, eta Elorrio da horietariko bat. 

Orain arte, batez ere pentsiodunak mugitu dira zentroaren aldarrikapenari dagokionez. Gurutz, zuentzat garrantzitsua izango da herritarrak ere mugitzen hastea.
Gurutz Sainz de Murieta: Guretzat oso garrantzitsua da herritarrek gure eskari honegaz bat egitea. Askok uste dute eguneko zentroa nagusien kontua dela, baina ez da horrela. Guk denbora daramagu gai honegaz. Guri eskerrak, udalak ikerketa bat egin eta herriko beharrizanak aztertu zituen. Orain, guretzat, herritar talde hau mugitzea eta denok batera borroka egitea oso garrantzitsua da. Denon indarragaz lortuko dugu eguneko zentroa. 

Sinadura bilketa hasi duzue. Zelan doa?
J.M.: Hilabete inguru iraungo duen kanpaina hasi dugu eta hainbat sinadura batu dugu dagoeneko. Herri mailako sinadura bilketa da, herriko aldarrikapen bat delako. Sinadurak kalean batzen ditugu, baina Internetez ere badago sinatzeko aukera. Horrez gainera, argazkiak ateratzen ere bagabiltza, herritarren atxikimena jasotzeko. 

Behin sinadurak batuta, zer asmo duzue?
J.M.: Berriro ere Aldundira joan eta hango atean joko dugu. Ea kontzientzia hartzen duten eta herriaren beharrizan hau ikusten duten. Baina hori zehazteko dugu oraindino. Lehenengo helburua herria sentsibilizatzea da. Herritarrei dei egiten diegu kanpainara atxikitzeko, ea denon indarragaz orain eguneko zentroa errealitate bihurtzen den. 
G.S.M: Horregaitik, gure eskaria sinatzeko eta argazkiak ateratzeko gonbitea egiten diegu herritarrei. Denon indarra beharko dugu. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!