“Pantailekiko dugun menpekotasunaz jabetu behar dugu, kontzientzia hartu”

Ekaitz Herrera 2024ko mar. 1a, 09:14

Miren Ros Aiartzaguena hezitzaileak (Eibar, 1975) pantailen erabilerak umeengan duen eraginari buruzko berbaldia emango du martxoaren 7an, Elorrioko Arriola kultur aretoan. 18:00etan izango da. Amaieran, mahai-ingurua egingo dute.

Smartphone, Instagram, Tik Tok, tablet, Youtube. Zein da adin egokia gailu horiek erabiltzen hasteko? Zein da gailu horien kontsumoak nerabeengan (eta helduengan) duen eragina? Miren Ros hezitzaileak galdera horiei eta gehiagori erantzungo die eguaztenean Elorrion emango duen berbaldian. Ros 'Gure aukera, Guk 16' dinamikako sortzaileetariko bat da. Egitasmoa Zarauzko Salbatore Mitxelena ikastolako guraso talde batek sortu zuen, izurria baino lehenago, seme-alabek gailu digitalak kontsumitzeko harturiko ohiturez kezkatuta. Ordutik hona, kezka hori bera Euskal Herriko hainbat herri eta ikastetxetara zabaldu da, eta han-hemenka umeei eta nerabeei gailu digitaletarako sarbidea mugatzeko hausnarketa taldeak sortu dira. Gainera, Bidelagun aholkularitza zerbitzuaren bitartez, Rosek lanketa profesionala egiten du haurren heziketari buruzko kezkak lantzeko. Ezinbesteko lanketa gailu digitalak nagusi diren garaiotan.

Zein da auzia: "Nerabeek ez dute sakelakorik behar" ala "sakelakoen beste erabilera bat posible da nerabeengan"?
Nerabeek ez dute sakelakorik behar, argi eta garbi. Beste aukerak, beste erabilera bat planteatzeak, ez du eraginik. Eta hau nerabeengatik eta helduengatik diot. Posible da beste erabilera bat? Beharbada, kasu gutxi batzuetan, bai. Baina oso zaila da. Horretarako, heldutasuna behar da lehenengo, formakuntza gero, eta sentsibilizazioa, kontzientziazioa, azkenik. Kontzientziazioarekin lan pila egiten gabiltza. Nerabeek ez dute sakelakorik behar, hori argi daukat. Eta helduak garenok? Behar ote ditugu? Dudan jarriko nuke. Eskaintzen dituzten abantailen eta eragiten dituzten desabantailen artean, azken hauek nabarmen gehiago dira. 

Egin dezagun zerrenda bat. Zeintzuk dira onurak eta zeintzuk kalteak?
Abantailak: lagunekin hartu-emanean egoteko aukera eskaintzen dute, lagun talde baten parte izateko aukera. Lan akademikoak egiteko baliagarriak izan daitezke, eta informazioa bilatzeko ere bai, azken hauetan erabiltzen den iturria fidagarria bada. Entretenitzeko, aisialdirako, ere baliagarriak dira. Kito. Horraino. Desabantailen artean, berriz, multzo bi bereizten ditut. Batetik, sareko arriskuak daude. Sexu estortsioa, pederastia iruzurrak (grooming) edo identitatea lapurtzeko arriskua, adibidez. Bestetik, pertsonarengan sortzen dituzten kalteen multzoa dago. Eta niretzat hauxe da multzorik inportanteena. Batetik, menpekotasuna dago. Egundoko menpekotasuna sortzen dute erabiltzailearengan. Eta ez nerabeengan bakarrik, baizik eta denongan. Horrez gain, antsietatea, autoestimu baxua, depresioa, komunikatzeko zailtasuna, besteei aurpegira begiratzeko zailtasuna, kontsumitutako edukiaren ondorioz sortzen diren jarrerak, besteekiko begirune falta, enpatia falta, arazoak loarekin, errendimendu akademiko eskasa, arreta mantentzeko arazoak, miopiaren igoera, euskararen erabilerari eragitea, influencerrek eta youtuberrek plataformetan zabaltzen dituzten mezu matxistak, bortizkeria, ideologia...  Jakina, gazteek idolo modura ikusten dituzte. Baina, gero, elikadura trastornoek, euren buruaz beste egin duten gazteen kopuruak eta autolesioek gora egin dute. Azken finean, sarean mundu perfektu bat irudikatzen da. Zimurrik gabe, zoriontsu, dena da bikaina. Baina, gero, gure bizitzak ez dira halakoak. 

Zerrendaturikoen artean, zeintzuk dira larrienak?
Menpekotasuna eta emozioak kudeatzeko zailtasuna. Zelan jakingo dugu zelan sentitzen garen geratu ere egin ez bagara eta geure buruari begiratu ez badiogu? Triste egotea, adibidez, ez zaio inori gustatzen. Triste nagoela? Bada, Tik Tok ipiniko dut eta kito. Baina hori arazoari ihes egitea da. Ez duzu arazoa kudeatzen. Eta berdin gertatzen da asperdurarekin. Egonean egon behar horrek ezintasuna sortu du nerabeengan, presioa. Azterketa baten aurrean urduri egotea, adibidez, normala da, baina gaur egun antsietate krisialdiak ikusten dira. Hortxe dago kontua. Geratu eta zeure buruari begiratzen ez badiozu, nola kudeatuko dituzu halako egoerak? 

Badago estatistikarik?
Ikerketa ugari dago. Nik, dena dela, smartphonea erosten denean ipintzen dut fokua. Hori izaten baita abiapuntu nagusia. Une hori 12-13 urterekin heltzen da normalean. 

'Gure aukera, Guk 16' dinamika Zarauzko Salbatore Mitxelena ikastolako bost gurasok hasi zenuten, 2019an. Bost urte hauetan, bide horrek eman du fruiturik? Igarri duzue eginiko lanaren eraginik?
Bai. Lehen, ikastolako umeei Lehen Hezkuntzako seigarren maila amaituta erosten zitzaizkien mugikorrik gehienak. Gaur egun, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako lehenengo maila egiten dabiltzan ikasleen %90ek ez dute mugikorrik, eta ez dute izango, gutxienez, bigarren maila amaitu arte. Ildo horretan jarraitu gura dugu, mugikorraren erabilera atzeratzen. Hori datu bat da. Baina niretzat askoz ere inportanteagoa da umeengan, irakasleengan eta gurasoengan izan den begirada aldaketa. Nola daude ume horiek? DBHko lehen mailako ume horiek ume izaten jarraitzen dute. Elkarrekin jolasten dira, elkarrekin hitz egiten dute. Eta haien gertuko inguruak mugikorrik ez darabilenez, ez dute horretarako beharrizanik sentitzen. Hain da ideia sinplea! Lasai daude, ez dute behar. Izango dute gailuok erabiltzeko aukera. Eta hara, gu honekin hasi ginenean barre egiten ziguten. 

Barre egiten zizueten?
Bai. Kritika asko jaso genuen. "16 urtera arte atzeratzea? Burutik pasatzea ere!", esaten ziguten. Eta gaur egun proposamen hori egiten dudanean, jendeak beste era batera hartzen du. Ibilbide bat eginda dago dagoeneko. Hedabideetan asko agertzen dira. Beste puntu batean gaude.

Pantailak nahinon daude. Garaiz gaude erabileraren gorakada geratzeko?
Bai, argi daukat hori, baina hori bakoitzaren ardura da. Familiekin esku hartzen dudanean ere lanketa hori egiten dut. Hausnarketa egin behar da lehenik, eta erabakia hartu behar da gero. Demagun honako hau: gaur mugikorra etxean utzita irtengo naiz kalera. Horrelakoak egin behar ditugu, nahitaez. 

Horrelako ekintzak kolektibizatu behar ditugu? Aliantzak sortu?
Arazoak gizarte osoari eragiten dio. Ikastetxeari, udalari, musika eskolari... pantaila dagoenik eta gailurik modernoena den ideia saldu zaigu. Eta gertatzen dabilena da pedagogiaren araberako baliabide eta pantailak ipini beharrean, alderantzizkoa egiten dugula. Baliabideen eta pantailen araberako pedagogia bat sortzen gabiltzala. Pantailak liburutegian, pantailak gimnasioan... Balaztari sakatu behar diogu, eta gogoeta egin. Frantziako estatuan, adibidez, badabiltza errotiko aldaketa batzuk egiten. Hemen, baina, motel gabiltzala dirudi.

Nerabeei buruz gabiltza, baina helduok eragin horietatik salbuetsita gaude?
Hortxe dago, hain zuzen ere, gakoa. Denok egiten dugu zerbait gaizki, baina inor ez dadila gaizki sentitu. Pantailak horretarako sortuak izan dira, gure arreta bereganatzeko. Kontsumoan eta psikologian aditu direnek diseinatu dituzte, gu ahalik eta denbora tarterik handienean hor egoteko. Helduoi horri aurre egitea kostatzen bazaigu, pentsa horrek nola eragin dezakeen oraindik garatzen dabilen nerabe batengan. Hor ezin da erabilera on bat egin.

Izan ere, esaera zaharrak honela dio: "Umearen zentzuna, etxean entzuna". 
Bai. Eta erabat ados nago. Askoz ere inportanteagoa da zer egiten dugun, zer esaten dugun baino. Zer lortuko duzu umeari pantailarekin ez ibiltzeko eskatuta, zu etengabe pantailarekin bazaude? Heldu modura, inportantea da pauso txikiak ematea. Jabekuntza bat behar dugu, kontzientzia hartu. Familia bazkaria dugunean, zenbat mugikor ateratzen dira bazkaldu bitartean? Horrek hartu-emanetan eta komunikazioan eragiten du, eta hori identifikatzen ikasi behar dugu. Umeari dagokionez, erraza da sakelakoa eman eta umea isilik eta geldi mantentzea. Baina zein da ordaintzen den prezioa?

Bilatu ditzagun adibide praktikoak. Nondik heldu diezaiokegu auziari?
Hemen adibide praktiko bat: menpekotasuna. Sartu zure telefonoko ezarpenen atalera eta begiratu zenbat denboran egon zaren pantaila aurrean gaur edo aste osoan zehar. Aztertu pantailari eskainitako tarte horretan zer izan den etekingarria, zer izan den entretenimendu hutsa, zer izan den probetxua. Merezi dit? Demagun hiru orduz egon garela Tik Token, bi orduz Instagramen. Ikusitako horretatik zer oroitzen dut? Gogoratzen dut ala denbora-pasa hutsa izan da? Beste ariketa bat: asteburu osoa telefonorik gabe pasatzea. Deitu diezaiogun detox asteburua. Konturatuko zara ez dagoela distraziorik. Aurpegira begiratu behar diogu elkarri, seme-alabek zuri. Beste aukera bat izan daiteke datuak kentzea, wifia kentzea, eta telefonoa deiak egiteko bakarrik baliatzea.

Deskonexioa da bidea?
Zalantzarik gabe. Gure menpekotasunaz jabetu behar dugu. Eskumuturreko erlojua erabili ordez, pantailari begiratzen diogu gaur egun. Norabide hori hartu dugu. Abiapuntu modura, uste dut oso inportantea dela deskonexio momentuak sortzea. Gurasoak bidelagun gara seme-alaben hazkundean. Gai honekin ere lagundu behar diegu. Zer da Tik Tok? Nor da Ibai Llanos? Eduki batzuk familian kontsumitu ditzakegu, eta aztertu. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!