Zigilu eta txanponen bildumazaletasunagaz lotuta sortu zen elkartea. Hala ere, orain, askotariko bildumazaleak elkartzen zarete.
Urteak aurrera, geroago eta gutun eta zigilu gutxiago erabiltzen da, eta lehen ez zeuden bestelako objektuen bildumazaletasuna sortu da: intsigniak, postalak, poltsikoko egutegiak, zeramikazko hontzak, giltzatakoak eta orri-markagailuak, argazki kamerak, metxeroak, boligrafoak, titareak … Askotariko bildumak egiten dira. Gustu eta zaletasunak aldatu egin dira eta elkartea talde heterogeneo bilakatu da, zigiluen bildumazaletasunari lotuta egon arren gehienbat.
Kultur etxean elkartzen zarete.
Bai, lokala izatea oso lagungarria da gure jardunerako. Hilean behin edo birritan elkartzen gara. Gure bildumak partekatzen ditugu eta horiek osatzen laguntzen diogu elkarri. Hala ere, badaude elkarteko kide ez direnak, bildumak etxetik, Internet bidez, osatzen dituztenak. Ez dute merkatu edo dendetara joateko beharrizanik, trukatzeko beharrizanik. Niretzat horixe da politena, hartu-emanean egotea, zerbait lortzeko nora jo jakitea. Hala ere, elkarteak liburutegian antolaturiko erakusketak zabalak dira, bildumazale guztiei euren bilduma erakusteko aukera emateko.
Askotariko bildumak egiten dituzu. Baduzu baten bat bereziki gogoko?
Ez daukat pieza bat bereziki kutuna. Denerik biltzen dut: Elorrioko egutegiak, banku eta aurrezki kutxen poltsikoko egutegiak, itsasontzien gaiagaz loturiko txanponak eta diru-paperak, eta Euskal Herriko eta zubien postalak. Domeketako azoka txikietara jotzen dut: Bilbokora, Gasteizkora... Ahetzekoa (Lapurdi) ere izugarria da. Bildumagileen artean oso ezaguna da, zelanbaiteko erreferentea. Denerik egoten da han. Filatelia eta numismatika denda espezializatuetara ere joaten naiz. Horiek ere geroago eta gutxiago dira, gurea lako elkarteak legez. Eskualdean, gurea da bakarra.
Oraindino badago bildumazaletasunik?
Belaunaldi berriak falta dira. Gazteek beste era bateko aukerak dituzte aisialdia betetzeko. Zaletasun minoritarioa da.
Iaz Berrio-Otxoa abesbatzaren 50. urteurreneko zigilua atera zenuten. Aurten besteren bat aterako duzue?
Elorrioko Futbol Kirol Klubaren mendeurrena da, eta zigilua eta zigilu-marka atera gura ditugu. Eta, kirola gai hartuta, erakusketa bat antolatu gura dugu. Herriagaz loturiko efemerideak baliatuta, zelanbaiteko omenaldiak egitea dugu helburu. Aurretik ere sortu ditugu zigilu-markak: Berriozabaletako iturriagaz, Balendin Berrio-Otxoagaz, Kurutziaga gurutzeagaz, Musko Arriolagaz, Errebonbiloekin, Elorrioren 650. urteurrenagaz...