Gaur goizean eman dute Bizkaiko Foru Aldundiak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak hitzarmenaren berri. "Gerediaga-Beasain errepideagaz bukatzeko giltzarri bat falta zitzaigun, Kanpazar gainekoa. Eta akordio horrekin giltzarri horri bide emango diogu", adierazi du Imanol Pradales diputatuak. Kanpazarrren 830 metroko luzera izango duen tunel bat egitea da asmoa, igotzeko errei bi izango dituena, eta jaisteko bat. Gainera, lan hauekin Elorrio-Iguria tarteko bihurguneak kentzea aurreikusten dute. "Errepide zabal, azkar eta seguru bat lortuko dugu", gaineratu du Maria Ubarretxena Gipuzkoako Foru Alndundiko diputatuak.
Hitzarmena sinatuta lehenengo faseari bide eman diote, hau da, eraikuntza proiektuaren idazteari. Pradalesen hitzetan idazketa prozesu hori lizitaziora atarako dute, eta urte amaierarako eraikuntza proiektua idazten hastea aurreikusten dutela azaldu du. Idazketa prozesurako 42 hilabeteko epea egongo da eta 6 milioi euro bideratuko dituzte. Ondoren etorriko dira tunela egiteko lanak.