Elorrioko Udala Hiri Antolamenduko Plan Orokorra berritzeko lanean dabil. Dagoeneko lehenengo fasea bukatu dute, eta udaletik jakitera eman dutenez, 459 elorriarren ekarpenak jaso dituzte. Behin lehenengo fasea amaituta, Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren berrikusketa bigarren fasean sartuko da, hau da, zirriborro aurreratuaren idazketan.
Lehen fase honetan, 459 lagunek parte hartu dute: gehienek, %69ak online bidezko inkestak erantzun dituzte, %14ak jendaurreko hitzaldietan hartu du parte; %10ak aurrez aurreko elkarrizketetan; %6ak behaketetan; eta %2ak paperezko galdetegiak bete dituzte.
Generoari dagokionez, emakumeak izan dira iritzia eman duten %46 eta gizonezkoak %53. %1, berriz, beste identitate batzuetakoak.
Bestalde, udaletik azalddu dute, 18 urtez azpikoen parte-hartzea nabarmena izan dela, %34koa hain zuzen. "Aipatzekoa da ikastetxeekin eta guraso-elkarteekin izandako elkarrizketen ondoren handitu dela adin txikikoen kopurua", adierazi dute.