Ordenantza prest datozen asteetan Goieta kalean ikasgela zabaltzeko

Anboto 2024ko ots. 6a, 10:56

Elorrioko Udalak Goieta kaleko 42an duen lokalean ikasgela egokitzeko lanak hasi zituen iaz, eta azken ukituak baino ez zaizkio falta inauguratzeko. Aste batzuk barru zabalduko dute. 

Joan zen eguenean, otsailaren 1ean, egindako osoko bilkuran ikasgelaren erabilera arautzeko ordenantza onartu zuten, aho batez. Udaletik jakitera eman dutenez, erabiltzaileak gutxienez 16 urteko izan beharko ditu eta Elorrion erroldatutakoa izan beharko du. Atxondoko ikasleei ere zerbitzua erabiltzeko aukera eramango zaie, dagokion eskabide-orria bete ondoren. 

Erabiltzaile izateko eskabide orria bete beharko da eta giltza-txartela eskuratzeko 10 euroko fidantza ezarriko da. 

Ikasgela egunero erabili ahalko da. Astelehenetik barikura 8:00etatik 22:00ak arte; eta zapatu, domeka eta jaiegunetan, 8:00etatik 20:00ak arte. Udaletik esan dutenez, debekatuta egongo da ezarritako ordutegik kanpo lokala erabiltzea eta garrantzitsua da ordutegi hori errespetatzea, ateak blokeatuta geratuko baitira aurreikusitako ordutegitik kanpo. 

Bestalde, ikasgela espreski ikasteko erabiliko dela jakinarazi dute, uneoro isiltasuna gordez. Besteak beste, debekatuta daude talde-lanak egitea, hitzaldiak edo batzarrak. Baita, jatea, edatea eta erretzea. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!