Arriola antzokira La sed del minotauro antzezlana ikustera doanak 90eko hamarkadako zinemara jauzi egingo du. "Zinemagintzako eta antzerkigintzako kodeak nahastea maite dut, eta oraindino gehiago zinemakoak antzerkira ekartzea; jakina, antzerkia egiten gabiltzala ahaztu barik", azaldu du Alex Gerediaga dramaturgia arduradun eta zuzendariak. Batez ere, 90eko zinemagintza igartzen zaio lanari. "Coen anaiei eta David Lyncheri eginiko keinuak ikusi daitezke", gehitu du Gerediagak. Funtsean, maitasun istorio bat da antzezlana, maitasunaren bila dabiltzan bost antiheroiren istorioa. "Umore ukituak ditu, baina, batez ere, drama bat da", esan du Gerediagak. Jon Ander Urresti, Ainhoa Artetxe, Leire Ucha, Arrate Etxeberria eta Txubio Fernandez de Jauregi dira aktoreak.
Entseguak, Zornotzan
Khea Ziaterreko kideak Zornotzan izan dira obra biribiltzen, gero Bilboko Arriagan estreinatzeko. Hain zuzen ere, asteburu honetan estreinatuko dute Bilboko antzoki ezagunean. Antzerki konpainiak ondu duen zortzigarren "film eszenikoa" da La sed del minotauro, eta lan horietariko sei originalak direla azpimarratu du zuzendariak. Egin duten lanik "dibertigarriena" dela nabarmendu du Gerediagak berak, eta publikoak pertsonaiak "maitatuko" dituela ere. Apiriletik aurrerako emanaldietan, Miren Gaztañagak Leire Ucha ordezkatuko du. Konpainiak 2010ean hasi zuen ibilbidea, La canción de Gloria obragaz, eta, horren ondoren, euskarazko eta gaztelaniazko lanak kaleratu dituzte; kasu honetan ere, hizkuntza bietara moldaturiko emanaldiak dituzte. Zornotzan martxoaren 1ean taularatuko dute.