Bertako basoak babesteko 380 zuhaitz landatu dituzte auzolanean Elorrion

Anboto 2024ko urt. 30a, 11:17

Elorrio-Atxondo Baso Biziak elkarteak eta Elorrioko Udalak deituta 380 zuhaitz landatu dituzte asteburuan Elorrion. Auzolanean egindako landaketa hau bigarren aldiz egin dute, bioaniztasuna hobetu, lurzorua babestu eta klima aldaketaren eraginari aurre egin asmoz.

Antolatzaileek herritarren erantzuna "ezin hobea" izan dela esan dute. Bertan 80 pertsona baino gehiagok parte hartu dute, familiek gehienbat. "Eskerrak eman nahi dizkiegu bertaratu diren boluntario guztiei", gaineratu dute antolatzaileek. 

Elorrioko Udalaren lursailetan guztira 380 zuhaitz inguru landatu dituzte. Haritza (Quercus robur) eta artea (Quercus ilex ilex) landatu dira batez ere; izan ere, hori da eremuaren landaretza potentziala. Horiez gain, urkia, gorostiak, sagarminak, gartxu hostozabalak, baso makatzak, hesilaharrak eta elorri zuria ere landatu dituzte.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!