“Herri barruan ahalik eta energiarik gehien sortzea izango da Argiñolaren helburua”

Maialen Zuazubiskar 2024ko urt. 26a, 11:30

Mikel Irizar, Izei Martinez eta Carmen Intxausti Elorrioko plazan duten bulegoaren aurrean.

Orain urtebete baino gutxiago sortu zuten Argiñola Energia Berriztagarrien Komunitatea, Elorrion. Hilabete gutxian pauso garrantzitsuak eman dituzte. 

Zein asmogaz sortu zenuten Argiñola?
Mikel Irizar: Energia-komunitate hau Europako zuzenbide batetik dator. Trantsizio ekologikoa egiteko, Europak tresna garrantzitsutzat jotzen du herririk herriko komunitateak antolatzea, energiaren produkzioan eta kontsumoan ardurak hartzeko. Modu arduratsuan kontsumitzea da lehenengo ardura; hau da, aurreztea. Izan ere, kilowatt ekologikoena kontsumitzen ez dena da. Bigarren ardura da behar dugun energia hori izan dadila iturri berriztagarrikoa, eta ahal bada bertan ekoizturikoa eta irizpide komunitarioekin. Argiñola bide horretatik doa eta urratsak ematen dabil. 
Carmen Intxausti: Eta, zergaitik sortu genuen? Bada, azken batean, pausoak ematea eta trantsizio ekologikorako bidean joatea errazagoa delako komunitatean egiten bada. Aldaketak taldean egiten badira, herri mailan, onura hobeak lortu daitezke banaka eginda baino. 
M.I.: Hor kontsumo partekatuaren ideia dago. Energia berriztagarriak naturagazko dependentzia du, ordu batzuetan produzitzen da baina beharbada beste batzuetan kontsumituko da. Orduan, hori norberak bateratzea, bere instalazioa eta bere produkzioa, gatxagoa izaten da. Taldean eginez gero, instalazio bati kontsumo diferenteetako erabiltzaileak lotzen zaizkio. 

Zelako erantzuna izan du Argiñolak herrian?
C.I.: Gaur egun 60 bat kide gaude, baina hasi baino ez gara egin eta ez dugu instalaziorik. Behin instalazioekin hasten garenean, jende gehiago batuko dela imajinatzen dut. 
M.I.: Herri batzuetan, komunitate batzuk instalazio baten inguruan sortzen dituzte. Gure bidea zabalagoa izan da. Energia-komunitate batek gauza bi sortu behar ditu: energia alde batetik, eta komunitatea bestetik. Neurri handi batean, gu hasita gaude komunitatea antolatu eta zerbitzu batzuk ematen. Gero, instalazioak etorriko dira. Gainera, aurten lanketa berezi bat egingo dugu: trantsizio energetiko hori Elorrion zer izango litzatekeen zehaztea eta gida plan bat egitea.
C.I.: Ahal den neurrian, herri barruan ahalik eta energiarik gehien sortzea izango da Argiñolaren helburu nagusia. 

Etorkizun hurbil batean, aurreikusten duzue instalaziorik?
C.I.: Proiektu bi ditugu esku artean, herriko ikastetxe bigaz lotuta. Ikastetxe bi hauetan instalazio bana ipintzeko lanean gabiltza, eta instalazio bi horiek aurten eginda egotea espero dugu. 

Lokal bat ere zabaldu duzue. Zer egiten duzue bertan? 
Izei Martinez: Herritarrei fakturen inguruko azalpena ematen diegu. Jendeak ez ditu fakturak ulertzen, zenbatekoari baino ez dio begiratzen. Eta guk fakturak aztertzen ditugu herritarrekin, zer kobratzen dieten erakusten diegu, batez ere. Doako zerbitzua da, udalagaz eginiko hitzarmenaren barruan jasotzen dena. 
M.I.: Horretan gabiltza gaur egun, baina apurka-apurka Argiñolaren inguruko kontu gehiago ere azaltzen gabiltza. Eta gure instalazioen berri ere emango dugu. Aipatu behar dugu Argiñolak herri mailako dimentsioa duela gaur egun, baina eskualdera ere zabaldu daiteke.
C.I.: Eskualdean ere berdin gertatzen da. Gauzak komunitatean egitea askoz ere errazagoa da.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!