Batzar zabalak egingo dituzte Elorrioko Gaztetxearen 36. urteurrena antolatzeko

Maialen Zuazubiskar 2024ko urt. 16a, 08:57
Gaztetxearen 35. urteurrenean Mamuen Jaia ospatu zuten. @elorrixokogaztetxea

Otsailaren 10ean Gaztetxearen 36. urteurrena ospatuko dute Elorrion. Gaztetxekoak dagoeneko hasita daude jaia antolatzen, eta sare sozialetan azaldu dute herritarren ideia eta proposamenak jaso gura dituztela.

Hori dela eta, urteurrena antolatzeko, batzar zabalak egitea pentsatu dute. Lehenengoa urtarrilaren 19an izango da, 20:00etan. Batzarraren ondoren, koktel gaua egingo dute Gaztetxean. Bigarren bilera urtarrilaren 28an izango da, 18:00etan. Batzarraren ondoren, afaria egingo dute. Hirugarren eta azken batzarra otsailaren 2an izango da, 19:00etan. 

Zine gauak Gaztetxean
Gaztetxekoek euren sareetan zabaldu dutenez, zine gauak egiten hasi dira, astean behin, "aspaldiko ohitura bat" berreskuratzeko asmoz. Zine gauak urtarrileko eguazten guztietan izango dira, 20:00etan, Gaztetxean bertan. Urtarrilaren 17an Bolante baten historia emango dute, urtarrilaren 24an Ez donk amaitu, eta urtarrilaren 31n Unicorn Wars. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!