Zapatuan baso eremu bat prestatuko dute urtarrilaren 28an auzolanean 380 zuhaitz landatzeko bertan

Maialen Zuazubiskar 2024ko urt. 11a, 15:14

Bertako basoak eta zuhaitzak sustatzeko asmoz, Elorrio-Atxondo Baso Biziak elkarteak zuhaitz landaketa antolatu du, bigarrenez.

Zuhaitzak auzolanean landatuko dituzte, urtarrilaren 28an, baina, horren aurretik, zapatu honetan eremua prestatzera joateko gonbidapena egin dute. Eremua prestatzen parte hartu gura dutenek zapatuan, urtarrilak 13, San Jose parkeko frontoira joan behar dute, 09:00etarako. Aurretiaz izena eman beharko dute.  

Zuhaitz landaketan edozein herritarrek parte hartu ahal izango du, baina zapatuko prestaketa lanetan pertsona helduak baino ezingo dira aritu, helburua zuloak egin eta eremua seinaleztatzea izango da eta. 

Landaketa, urtarrilaren 28an
Landaketa bera urtarrilaren 28an izango da eta, guztira, 380 bat zuhaitz landatuko dituzte, Elorrioko Udalaren lursailetan. Haritza eta artea landatuko dituzte batez ere, baina baita urkia eta elorri zuria ere. 

Landaketara herritar guztiak daude gonbidatuta, haur zein heldu. Egun horretarako ere 09:00etan ipini dute ordua, San Jose parkeko frontoian. Boluntarioak oinez joango dira frontoitik landaketa puntura. Antolatzaileek azaldu dutenez, ordubeteko ibilaldia izango da eta bakoitzak bere aitzurra eta arropa eta oinetako egokiak eramatea gomendatu dute. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!