Elorrion HAPOa berritzeko herritarren esperientziak jasoko dituzte behaketen bitartez

Anboto 2024ko urt. 11a, 08:30

Lehenengo behaketa (ibilaldia) zapatu honetan, urtarrilak 13, izango da. 

HAPOa berritzeko prozesua azaroaren 29an Arriolan aurkeztu ondoren, lehen fasea martxan jarri du Elorrioko Udalak, hau da, herritarren parte-hartzea bultzatzea eta herritar guztiei irekitako behaketa (ibilaldiak) egitea. "Helburua herritarren esperientziekin batera behatutako ingurunearen hazkunde moduari buruzko hausnarketa kolektiboa egitea da, Elorrioko puntu giltzarriak zeharkatuz, HAPO berria aberastuko duten ekarpenak jasotzeko", adierazi du Elorrioko Udaletik. 

Lehenengo behaketa zapatu honetan, urtarrilak 13, izango da. Landa-eremuko ibilaldiari 11:00etan emango diote hasiera, Mendrakan, informazio panelen eta edukiontzien eremuan. Behin Mendrakan behaketak eginda, San Agustinera joango dira, eta bertan jarraituko dute. 

Udaletik jakitera eman dutenez, behaketa horretan landa-inguruneari erreparatuko zaio, Elorrioko herrigune landatarrenak izango dituzte hizpide. Bertan parte hartu gura dutenak, izena hemen eman dezakete. 

Urtarrilaren 16an, berriz, Elorrioko herrigunea behatuko dute: kaleak, arkitektura, eremu publikoak, ekipamenduak eta merkataritza-bizitza. Hau 16:30ean hasiko da Herriko Plazan. Bertan parte hartzeko ere izena ematea komenigarria da

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!