Lepauztaia apurtu eta 25 egunera Europako Txapelketa lehiatzen dabil Ziortza Isasi

Maialen Zuazubiskar 2024ko urt. 10a, 11:02

Ziortza Isasi eta bere taldeki Ekain Jimenez

Ziortza Isasik lepauztaia apurtu zuen abendu erdi inguruan. Gaur lehiaketara bueltatuko da Herbehereetan.

Gezurra badirudi ere, duela aste bi pasatxo ospitaleko ebakuntza gelan zegoen Ziortza Isasi elorriarra. Abenduaren 16an Anadiako (Portugal) nazioarteko lasterketa batean lehiatzen ari zela erorikoa izan eta lepauztaia apurtu zuen. "Inoiz ez da erraza haustura bat onartzea, baina 2022 eta 2023 urteen artean hiru aldiz apurtzen baduzu, broma bat dela ematen du", azaldu zuen Ziortza Isasik sare sozialetan. 

Eustrak-Euskadiko txirrindulariari ebakuntza egin zioten egun batzuk geroago, eta abenduaren 23an ospitaletik etxeratu zen. Orain, lepauztaia apurtu eta 25 egunera, Europako Txapelketan lehiatzen dabil Herbehereetan. "Duela 20 egun ez nuen imajinatu ere egiten hemen egongo nintzenik. Baina erlojuaren aurka eta gogor lan egin ostean, Europako Txapelketan egongo naiz. Eskerrik asko azken egun hauetan lagundu nauzuen guztioi", adierazi du Eustrak-Euskadiko txirrindulariak.

Isasik bi probatan parte hartuko du. Gaur taldekako jazarpenean ariko da eta zapatuan bakarkako jazarpenean.  

Eustrak-Euskadiko txirrindulari bi
Europako Txapelketan, Isasiren taldekide Ekain Jimenez ere egongo da. Jimenezek, Eustrak-Euskadi taldeko txirrindulariak, taldekako abiaduran eta kilometroan parte hartuko du. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!