"Ogi mota asko dago, baina ogi onak gutxi daude"

Aitziber Basauri 2023ko abe. 24a, 10:00

Baserritik bizitzeko ametsa bete guran, Eneritz Lapazaranek eta Joseba Solozabalek bide berri bati ekin diote. Orbegoikoa izenpean, baserriko ogi zuria eta moldezko ogi mota bi —intxaurrak eta mahaspasak dituztenak— egiten hasi dira. 

Zer dela-eta hasi zineten ogia egiten? 
Eneritz Lapazaran: Baserriko labe zahar bat konpondu eta hari probetxu ateratzea erabaki ondoren hasi ginen lehenengo probak egiten. Geroago eta gustorago genbiltzala ikusita, labe berri bat ipintzea pentsatu genuen. 
Joseba Solozabal: Hiru urte joan dira harrezkero. Lehenengo, familiakoen eta lagunen artean banatzen hasi ginen, eta, gustuko zutela ikusita, domekero ogia egiten hasi ginen. Harrera ona zuela ikusita, aurrera egin eta etekina ateratzea pentsatu genuen.  Joan zen uda ostean, Eneritzek alta eman zuen autonomoetan, eta forma eman genion proiektuari. Nik baserritik kanpora lan egiten dut, baina beti gura izan dugu baserritik bizimodua atera. Eta baserriko ogia egitea eta saltzea, diru iturri modura, aukera ona izan zitekeela pentsatu genuen. Horri eutsi eta etxean landutakoagaz elikatu gura dugu. 40 ardiko artaldea ere badugu. 

Norengandik ikasi duzue?
E.L.: Gure amamak beti egin izan du ogia etxean. Baina eskualdeko hainbat okinengana jo dugu.
J.S.: Mallabiko Balentinengana jo genuen, eta Aretxabaletako Etxezurira ere bai. Elorrion, Leaniz baserrira ere jo dugu ogia zelan egiten duten jakiteko. Batak eta besteak esanikoagaz probak egiten joan gara, produktua gure egiten. Hala ere, ikasten jarraitzen dugu. Beti dago zer ikasi. 

Geroago eta ogi mota gehiago dago. Badago denentzat lekurik?
J.S.: Ogi onarentzat beti dago lekua. Irazolako (Abadiño) okin batek esan zidan lez, ogi ona eginez gero berez salduko da. Horrela dela uste dut. Ogi mota asko dago, baina ogi onak gutxi daude. Eskualdean oso ogi ona dugu; Mañarian eta Izurtzan oso ona egiten dute, adibidez.

Badago sekreturik ogi ona egiteko?
J.S.: Hasi baino ez gara egin. Hala ere, lehengai onak erabilita eta behar den denbora emanda ogi ona egin daiteke. Egur-labea dugu, eta ogia ordubete baino gehiago izaten dugu labean. Presarik barik egin behar da ogia.

Ogia azoketan saltzen duzue?
J.S.: Bai, orain dela gutxi hasi gara. Ermuan, Eibarren, Garain... egon gara. Abadiñoko hileroko azokan ere egon izan gara. Elorrion, Durangon, Abadiñon eta Elgetan etxeetara ere eramaten dugu, eta denda batzuetan ere uzten dugu.
E.L.: Azokak gure ogia ezagutarazteko era dira. Askok ez gaituzte ezagutzen.

Baserritik bizi gura duzue. 
J.S.: Horixe da gure ametsa. Lan asko eginda posible da, bai. Baina ez da batere erraza. Instituzioen aldetik laguntza falta handia dago.
E.L.: Gauza ederra da. Ortua dugu, eta geure barazkiekin elikatzen gara. Eta geure okelagaz, behia eta txahala ere baditugu eta.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!