Argiñola komunitateak energia bulegoa irekiko du, elorriarrei aurrezten laguntzeko

Anboto 2023ko abe. 19a, 16:00

Aholkularitza bulegoa abenduaren 26an irekiko dute. Plazan egongo da. 

Joan zen maiatzean jendaurrean Elorrioko Energia Berriztagarrien Komunitatea aurkeztu zuten, eta orain, Argiñolak beste pauso bat eman du. "Aurreztea energia berriztagarriak ezartzea bezain garrantzitsua da Argiñolarentzat, eta, horregatik, beste helburuetako bat etxebizitzetan eta eraikinetan gasaren eta elektrizitatearen fakturetan aurrezteko aholkuak ematea da", azaldu dute Argiñolako kideek. 

Hori horrela, eta zerbitzu hori emateko, Aratz bitxi-denda zaharraren lokalean bulegoa zabalduko dute. Ireki hilaren 26an egingo dute, eta printzipioz, martitzen eta eguenetan egongo da zabalik, 16:00etatik 19:00etara. Zerbitzua jasotzeko txanda hartu beharko da lehenik eta behin. Txanda bulegoan bertan eskatu ahalko da, baina baita 633 506 354 telefonora deituta. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!