"Guztira 37 herrialde bisitatu ditut, bost kontinenteetan zehar "

Anboto 2023ko abe. 17a, 10:30

Euken Bernasek (Elorrio, 1999) hegazkin zerbitzaria izateko bokazioa izan du umetatik, eta aukera izan zuenean ikasketak egin zituen Bilbon. Egun bateko joan-etorriko hegaldiekin hasi zen, kostu txikiko konpainia batean, orain bost urte. Azken urte bietan, munduan zehar bidaiatzen dabil; "paradisua" dela dio. Londresen (Erresuma Batua) du aire-basea. 

Zenbat herrialde bisitatu duzu bost urte hauetan?
Guztira, 37 herrialde bisitatu ditut, bost kontinenteetan zehar. 1.500 bat hegaldi egin ditut; Oslora (Norvegia) izan zen lehenengoa, oso urduri nengoen.

Asko bidaiatzeko aukera duzu, askorentzat ametsa. Baina baduzu astirik hiriak eta tokiak ezagutzeko?
Bai. Adibidez, Sydney-ra (Australia) Singapurretik (Asia) joaten gara eta bederatzi egun egiten ditugu joan-etorrian. Beraz, badugu aukera hiriak ezagutzeko, esploratzeko. Rio de Jaineron (Brasil) bost egun egoteko aukera ere izan dut orain dela gutxi. Hegaldi-planen menpe dago tripulazioa. Beraz, Londresera, etxera ekarri behar dugun hegazkinak 10 egunetara egon behar badu hemen, dagokion tokian geratzen gara ordura arte. Gutxienez gau bat ematen dugu lurrean, beti. 

Zein tokik erakartzen zaitu gehien? 
Bat edo beste aukeratuko nuke, zertara noan jakinda. Zerbait hartu eta igerilekuan lasai egoteko, Maldivak aukeratuko nuke. India, adibidez, oso herrialde exotikoa iruditzen zait ezagutzeko, izugarri gustatzen zait. Baita Rio de Janeiro (Brasil) ere. Bestalde, Bermudak, Barbados, Bahamak.... paradisiakoak dira. AEBak, ostera, idealizatuta daudela uste dut. New York ikustekoa da, baina herrialde lez oso txarto antolatuta dago eta pobrezia izugarria da.

Zein tokitara joan gura zenuke?
Mexikora eta Jordaniara joateko gogoa dut. Dena dela, mundua oso handia da!

Lan erakargarria duzula esan daiteke.
Bai, gustatzen zait. Bidaiatzeko eta jendea ezagutzeko aukera dut, baina adikzioa sortzen duela esan didate. Hala ere, hegazkineko janaria ez da oso osasuntsua, ezta jet lag-ak dakartzan ondorioak ere.  Hori arintzeko, hegazkina hartu aurretik egokitzen ahalegintzen naiz. Dena dela, oso hegaldi luzeetan bi-hiru orduan lo egin dezakegu.

Sentitzen duzu bakardaderik?
Batzuetan. Batez ere, bereziak diren egun horietan, nahiz eta hegazkineko tripulaziokoek elkar babesten dugun. Iazko abenduaren 25a bakar-bakarrik pasatu nuen, hotel batean, Londresen lur hartu ondoren. Gabon zahar gaua Hong Kongen eman nuen. 

Aurten Elorrion egongo zara?
San Frantziskon (AEB) pasatuko ditut Gabonak. Bertara sei eguneko hegaldia aukeratu dut, han lagunak ditudala aprobetxatuta.

Zenbatero etortzen zara Elorriora?
Askotan! (barrez) Ekainetik irailera, egun libre guztietan etortzen naiz. Neguan gutxiago.

Udan, gainera, Saharatik etorririko neskatoa izaten duzue etxean.
Bai, gogo itzela izaten dut Makfula ikusteko. Aurten, bigarrenez etorri da. Etxean hartu dugun hirugarren neskatoa da. Esperientzia izugarria da, oso aberasgarria.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!