Sasikoa Durango Arripu eta Elorrioko Buskantza, izan zirenera bueltatu gura duten taldeen areto futbol derbia, zapatuan

Joseba Derteano 2023ko abe. 16a, 10:30

Eskualdeko areto futbolak ezagutu ditu garai hobeak. Aspaldian klub batzuk desagertu egin dira eta gure ordezkari nagusiak, Sasikoa eta Elorrioko Buskantza, izan zirenera bueltatu guran dabiltza.

Urte asko eman dituzte Hirugarren Mailan —Buskantza Bigarren B Mailan ere ibili da— baina 2021/2022 denboraldian jaitsi zirenetik, Euskal Ligan dabiltza. Testuinguru horretan, eskualdeko derbia jokatuko dute zapatuan, 17:00etan, Elorrioko kiroldegian. 

Sasikoak atzean utzi du sasoi bateko giro nahasia, eta etorkizuna eraikitzen dabil. "Nortasuna berreskuratzeari" eman diote lehentasuna, Durangako edo inguruko jokalariak batuz, Iker Saez de la Cuesta entrenatzailearen esanetan. Horrez gainera, "lehiari barik jokalariak gustura sentitzeari" eman diote garrantzia. Proiektuko hirugarren hanka harrobia da. Gazteen taldean "geroago eta jokalari gehiago" dute; 17 jokalari, hain zuzen ere, 15 fitxarako, baina txandaka jokatuz denei egin diete tokia. 

Lan guztia emaitzak ematen dabil. Euskal Ligan hirugarren daude, igoera postuan. "Ezusteko" egoera da eraikitze prozesuan dagoen taldearentzat, baina, "ilusioa" lagun, hor jarraitzea itxaroten dute.

Elorrioko Buskantzan gauzak ez doaz itxaroten zuten moduan ligan. Seigarren daude, baina aurten eginiko fitxaketekin gorago egoteko moduko taldea dute. Entrenatzailea aldatu dute oraintsu. Bilboko Elorrieta, Galdakaoko Lagun Onak eta Basauriko Soloarte entrenatu dituen Alexander Galvezek hartu du gidaritza, eta taldea "motibatuago" dagoela adierazi du klubeko jokalari eta presidente Unai Arregik. Pizgarri honegaz, gora egitea eta igotzeko borrokan egotea itxaroten dute. 

Klubaren egoera orokorrari dagokionez, etorkizuna ez dago bermatuta. Klubaren kudeaketa bi-hiru lagunen artean egiten dute. Arregi bera da euretariko bat. Hamaika urte daramatza klubean, eta urteetako lanaren "nekea" igartzen du. "Beste proiektu batzuk ere baditut, eta dena ezin da", azaldu du. Erreleborik barik kluba "desagertu" egin daitekeela dio. Datu batek argi islatzen du egoera: bost talde izandakoak dira, eta aurten bat bakarrik dabil.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!