Udalatxek Arrasateren sorreran eta garapenean izan duen garrantziak "pisu handia" du dokumentalean, baina ez da hor bakarrik zentratzen, eta Durangaldeko ikuspegia ere eskaintzen du. "Elorriorantz, Gongeta aldean, meategi garrantzitsu bat egon zen eta hori ere jasotzen da", azaldu du Eñaut Iturbe dokumentaleko zuzendariak. Beste adibide batzuk ere ipini ditu: "Geologikoki, Udalatxeko zati handi bat zona karstiko bat da eta zonalde hori Elorrioko alderantza dago. Hidrogeologia aldetik, Aramotz mendilerrotik hasi eta Arrasateraino datozen uren akuiferoa gordetzen du Udalatxek bere azpian. Horrez aginera, kobazuloen katalogo inportante bat ere badu alde horretara". Abadiñoko Gema espeleologia taldeak hainbat esplorazio egin du kobazulo haietan, eta haiek grabaturiko irudiak gehitu dituzte dokumentalean.
Dokumentala ez da kontakizun hutsa, eta kontzientzietan eragin gura du. "Dokumentalak zabalduko duen mezua da badela garaia gizakiok Udalatx mendiari begirunea izateko eta berau babesteko. Aizkorri parke naturala da, Anboto parke naturala da… baina Udalatx ez".
Talde lanaren ondorio
Eñaut Iturbe da dokumentaleko zuzendaria, eta Iban Ayesa kameralaria eta errealizazio arduraduna. Bien lankidetzatik gorpuztu da proiektua, baina bidelagunak izan dituzte; esaterako, Oihan Zubizarreta, gidoian. Dokumentalean entzuten den ahotsa Miren Gaztañaga aktorearena izan da. Gaztañaga Udalatxen paperean sartu da; dokumentalean, mendiak berak lehenengo pertsonan kontatzen du bere historia. Dokumentaleko soinu banda Peru Altubek eta Xabi Agirrezabalak beren-beregi sorturikoa da. "Dokumentala talde lanaren ondorioa da", dio Eñaut Iturbek. Edukiari buruz ere beste hainbeste esan daiteke. Arloko adituengana jo dute informazio bila: Alvaro Arrizabalaga EHUko historiaurrean aditu eta arkeologoarengana, Ana Isabel Ugalde EHUko historiagilearengana, Martin Arriolabengoa EHUko Geologia Saileko irakaslearengana…
Dokumentala Mendi Film Festibalean emango dute. Ez hori bakarrik. Sail ofizialean sartu dute. "Sorpresa bat izan da eta oso pozik gaude", dio Iturbek. Estreinaldia zapatu honetan izango da, abenduak 16, 12:00etan, Euskalduna Jauregian. Ondoren, arratsaldean Arrasateko Amaia antzokian proiektatuko dute. Aurrera begira, Durangaldera ere ekarri gura dute. "Elorrioko Erdella mendi elkarteagaz hartu-emanetan gaude. Oraingoz ez dago data zehatzik, eta datorren urte hasieran Elorrion proiektatzeko asmoa ere badugu", esan dute.