"Urte askoan ahalegindu eta sarritan irabaztetik gertu ibili naiz; garaipenak asko esan gura du"

Joseba Derteano 2023ko aza. 26a, 10:30

Josu Arrinda elorriarrak Euskadiko Enduro Txapelketa irabazi du aurten, senior trofeo kategorian. Hori gutxi balitz, Euskadiko Cross Country Txapelketan bigarren geratu da. Baina bere ibilbideko denboraldirik onena azkena ere izan daiteke, ekonomikoki ahalegin handia eskatzen duelako lasterketa guztiak egiteak. Aurrerantzean, beharbada, lasterketa bakar batzuk baino ez ditu egingo, ezin du-eta guztiz utzi hainbeste ematen dion kirola. 

Enduro txapelketa sei lasterketak osatu dute. Zelan joan dira?
Hiru irabazi ditut, bitan podiumean egon naiz eta beste batean, Llanesen, laugarren amaitu dut. Azken horretara lesionatuta joan nintzen. Derrigorrez joan behar nuen txapelketa irabazi gura banuen, eta ahalik eta punturik gehien batzea izan nuen helburu. 

Posturik txarrena, laugarren. Erregulartasun handia erakutsi duzu. Lorpenen atzean lan handia dago?
Bai, aurten inoiz baino serioago entrenatu naiz. Badaude gazteak aurten lehiatzen hasi direnak eta garaipenak lortu dituztenak. Hasi nintzenean nik ez nuen horrelakorik lortzen. Niretzat "dena edo ezer ez" zen. Denbora askoan jarrera horregaz ibili naiz eta ez dut ezer lortu, lesioak eta garai txarrak baino ez. Denboragaz txipa aldatu dut. Orain patxada handiagoagaz hartzen ditut lasterketak. Lehiakorra naiz, baina puntu bateraino. Gurago dut ondo egon, nire ongizatea arriskuan ipini eta lesionatuta egotea baino. 

Irabazi duzun kategoria lehiakorra da?
Bai. Lehenengo hiru podiumak nahiko eroso lortu nituen, baina denboraldiak aurrera egin ahala gauzak orekatu egin dira. Beste gidariek euren maila igo dute. Azken lasterketetan bigarren geratu denak eta biok lehia estua mantendu dugu. Esaterako, Burgosko proban. Oso parean ibili ginen eta azkenean berak irabazi zuen. Azkenengo lasterketara aldetxoagaz heldu naiz, baina arazoren bategaitik lasterketa bertan behera utziz gero, ez nuen txapelketa irabaziko.

Zer sentitu zenuen txapelketa irabaztea lortu zenuen unean?
Pisu handia kendu nuen gainetik, imajinatu ere ezin duzu egin. Azken metroetan, helmugara heldu aurretxoan, "lortu dut, neurea da" pentsatu nuen. Negar malkoak ere irten zitzaizkidan. Urte askoan ahalegindu naiz irabazten eta sarritan gertu geratu naiz. Garaipen honek asko esan gura du niretzat.

Cross Country txapelketa ere ondo joan zaizu, bigarren postua lortu duzu.
Enduroan gertatu den moduan, erregulartasuna izan da gakoa. Maila handiko parte hartzaileak izan dira. Pozik nago nire emaitzagaz.

Alde handia dago modalitate bien artean?
Bai, ze cross countrya gehiago da erresistentzia proba bat. Ibilbide bati ordu bian itzuliak ematean datza. Ondo prestatzea eskatzen du. Gogoan dut Elgoibarko lasterketa bereziki gogorra izan zela. Eguraldi txarra egin zuen, mendia lokaztuta zegoen eta luze egin zitzaidan. Baina postu ona lortu nuen eta horri eskerrak geratu nintzen bigarren. Gainera, lagun asko joan zen lasterketa ikustera eta oroitzapen politak ditut.

Modalitate biek garrantzi berdina dute zuretzat?
Inportantzia berdina dute biek, bietan asko gozatzen dudalako. Askok modalitate bakarra lehiatzen du. Gutxi gara bietan gabiltzanak. Azken batean, gastu ekonomikoa zein fisikoa bikoiztea eskatzen du. Modalitate bietan podiumean amaitzeari balioa ematen diot. Hori bai, oso nekatuta amaitu dut. Astebete eman dut gorputza errekuperatzeko.

Zer helburu duzu datorren denboraldirako?
Txapelketarik ez lehiatzea planteatzen nabil, gastu ekonomikoa oso handia delako. Beharbada lasterketa bakar batzuk baino ez ditut egingo. Ni gozatzen dudalako joaten naiz lasterketetara, hango giroa bizitzearren. Urte askoan ez dut irabazi eta berdin-berdin jarraitu dut joaten. Bizitza osoa daramat horretan. Baina txapelketako lasterketa guztietara joatea gastu handiegia da. Dena neure poltsikotik ordaintzen dut, eta, azkenean, horrek gogoa kentzen dizu. Txapelketa irabaztearren ez dugu ezer jasotzen. Federazioak ez digu askorik laguntzen.


Argazkia: KAOX

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!