1983an gertatutako uholdeak ekarri dituzte gogora erakusketa batekin Elorrion

Anboto 2023ko aza. 21a, 08:53

Abenduaren 5era arte egongo da ikusgai erakusketa. Gainera, berriketaldi eta hitzaldi bana ere antolatu dituzte. 

1983ko abuztuaren 26ko euriteak gogor kolpatu zuten Euskal Herria. Bilbo eta Nerbioi ibarra izan ziren kaltetuenak, baina uholdeek kalte handiak eragin zituzten Elorrion ere. Gertaera hartatik 40 urte igaro direnean, memoria ariketa bat egin gura izan dute herriko hiru elkartek: Laumunarrieta elkarteak, Elorrioko Argazkigintza taldeak eta Elorrixa ekologia taldeak. 

Hiru elkarteek elkarlanean egindako bilketa lan baten ostean, erakusketa bat jarri dute martxan Iturri Kultur Etxean; abenduaren 5era arte egongo da ikusgai. 

Horrez gain, adierazi dute artxiboa elikatzen jarraitu gura dutela, eta herritarren ekarpen berriak jaso nahi dituztela. Horretarako, telefono zenbaki batzuk jarri dituzte erakusketan bertan harremana bideratzeko. 

Gainera, gaiarekin lotutako berriketaldi eta hitzaldi bana ere antolatu dute. Lehenengoa azaroaren 29an izango da, eguaztena, 19:00etan, Iturriko areto nagusian. "Orduko protagonistak batuko ditugu, kaltetuak, udal ordezkariak, laguntzaileak, argazkilariak... Eta bakoitzak bere bizipenak kontatuko ditu", azaldu dute antolatzaileek. Bigarrena, berriz, azaroaren 27an izango da, 19:00etan, erakusketa gelan. Bertan, klima aldaketa eta uholdeen arteko lotura izango du berbagai Iñigo Urrutikoetxeak. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!