Argazki erakusketak eta askotariko dokumental emanaldiek osatuko dute Elorrioko Mendi Astea

Anboto 2023ko aza. 13a, 10:06

Jon Martinezen argazkietako batzuk, Iturri kultur etxeko erakusketan. (Argazkia: Jon Martinez)

Erdella Mendizale Elkarteak mendizaletasunaren ertzak gerturatuko dizkie beste urte batez elorriarrei. Hasteko, Mendia emakumetasunetik izeneko argazki erakusketa ireki dute Iturrin, azaroaren 17ra arte. Gaurtik barikura lau dokumental proiektatu eta urteko asanblada egingo dute.

Emakume mendizaleei omenaldi bat egitea da Jon Martinez Ibarra argazkilariaren Mendia emakumetasunetik erakusketaren helburua. Haren zuri-beltzeko erretratuek mendia euren bizimodu bihurtu duten emakumeak dakartzate erdigunera, haien borondatea, indarra, pasioa eta ametsak erakutsiz. Argazki galeria azaroaren 17ra arte bisitatu ahal da Iturri Kultur Etxean.

Hasi berri den astea bizi-bizia izango da, hitzaldi-dokumental paregabez jositakoa. Erdellakoek film horietako protagonistak gonbidatu dituzte gainera, proiektatuko diren lanak lehen eskutik aurkez ditzaten.

Hala, gaur —azaroak 13—, Finlandiako Laponian trabesia era autonomoan ikusentzunezkoa ikusi ahalko da Iturrin, 19:00etan. Protagonistak, Sonia Rodriguezek, fondoko eskiak eta pulka hartuko ditu negu bete-betean Laponiara joateko.

Martitzenean, ordu eta toki berean, Pedro Sanchezek Gringo, ¿de qué país? Yerupajá filma aurkeztuko du. Hiru alpinista eta lagun bizkaitarrek 1985ean Peruko Huayhuash mendikatean, 6634 metroko Yerupaja mendian, egindako igoeretan bizitako esperientzia laburbiltzen du lanak.

Eguaztenean beste mendi dotore baten igoera kontatuko dute, aurrez aurre eta Kharut 2: Lehenego igoera baten historia ikus-entzunezko bidez, Vicente Barcenak eta Koldo Zubimendik. Asiako Karakorum mendilerroko Kharut II gailurrerako bide bat zabaldu dute aurten, eta han bizitakoak ekarriko dituzte. Hitzordu hori Gaztetxean izango da, 19:00etan.

Eguenean, berriz, Luis Miguel Eguiluzek Vida normal dokumentala izango du berbagai Iturrin, 19:00etan. Elorrion jaiotako mendizale honek alpinismoa praktikatzeko osasun-oztopoei aurre egin die bere burua indartuta, eta prozesu hori azaltzen du 40 minutuko piezan.

Barikuan, bukatzeko, urteko asanblada egingo du Erdellak, Kirol Etxean, 18:00etan hasita, luntxa barne.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!