[BIDEOA]: Herrizaintza proiektuak boluntario gehiagorengana iritsi nahi du Elorrion

Anboto 2023ko aza. 7a, 13:53

Herrizaintzaren sustatzaileek mahai informatibo bat jarriko dute plazan azaroaren 17an. 

Gura gabeko bakardadean bizi diren herritarrei laguntzeko asmoz, Elorrioko Udalak Herrizaintza egitasmoa jarri zuen martxan iazko maiatzean. Udalak sare komunitario bat osatzen jarraitzeko konpromiso irmoa dauka, behartutako bakardadearen ondorioak leuntzen eta arrisku egoerak saihesten laguntzeko. Udaletik azaldu dutenez, urte eta erdiko ibilbidean hainbat erabiltzaileri zerbitzua eman die Herrizaintzak, eta, orain, dagoen eskariari erantzuteko asmoz, bidelagun edo boluntario berriak erakarri gura dituzte. 

Boluntario horiek, astean dei anonimo bat eginda, bakarrik sentitzen den pertsonei laguntza emozional handia ematen diete. Beraz, partaide izateko prestutasuna dutenek bi bide dituzte aukeran: 688 65 54 61 telefonora deitzea edo herrizaintza@elorrio.eus helbidera idaztea. 

Bestalde, Herrizaintzaren sustatzaileek mahai informatibo bat jarriko dute herriko plazan datorren barikuan, azaroaren 17an. 10:00etatik 13:00etara eta 17:00etatik 19:00etara bisitatu ahalko da, eta bertan modu zuzenean jaso ahalko dituzte herritarrek xehetasun guztiak. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!