“Herria poliki-poliki hiltzen doa eta kanpainagaz herritarrak kontzientziatzea gura ditugu”

Anboto 2023ko aza. 6a, 08:25

Elorrioko Merkatari Elkarteko kideek 'Hemen, bertan gaude' kanpaina hasi zuten urriaren 31n. 'Dendak zabalik taupa bizirik' da kanpainaren leloa, eta azaroaren 30era arte egongo da martxan Izaskun Agirre EMEko presidenteak azaldu duenez.

Kanpaina berri bat ipini duzue martxan. Zein da honen helburua?
Urtero egiten dugu horrelako kanpainaren bat, eta, urtero legez, herriko dendak zabalik mantendu ahal izatea da kanpainaren helburu nagusia. Herria poliki-poliki hiltzen dabil eta kanpainagaz herritarrak kontzientziatzea gura ditugu, herrian bertan erosi dezaten. 

Herria hiltzen dabilela diozu. Gaur egun zein egoeratan daude komertzioak?
Gauden komertziook ondo gaudela ematen du. Baina ikusten dugu jendea erretiroa hartzen dabilela apurka-apurka, eta ez dagoela erreleborik. Beraz, horrek dendak ixtea dakar.

Gainera, jendearen kontsumitzeko ohiturak aldatu egin direla ikusten dugu, jendeak Internet bidez erosten duela. Eta horrek ez digu batere laguntzen. Orokorrean, EMEko kideok triste gaude. 

Hala ere, EMEko kideek kanpaina indartsu bat ipini duzue martxan, sari potoloekin. Jendeak zelan parte hartu dezake?
Jendeak erosketak herriko komertzioetan egitea da kanpainaren helburu nagusia. Herritarrek txarteltxo bat izango dute eta txartel horrek lau zigilu beharko ditu zozketan parte hartzeko. EMEko komertzioetan erosketak eginda lortuko dira zigiluak. Txartel bakoitzean lau komertziotako zigilu bana beharko da. 

Noiz eta zelan egingo duzue zozketa?
Abenduaren 4an egingo dugu, EMEren lokalean. 600 euro bonutan eta asteburu-pasak zozkatuko ditugu, besteak beste. Beraz, jendeak herriko komertzioetan erosketak egin, zigiluak lortu eta zozketan parte hartzeko aukera izango dute. Azaroaren 30era arte dute horretarako epea.

Herritarrei mezurik bidali gura diezu?
Data politak ditugu aurretik, Gabonak datoz, gure dendetan denerik daukagu eta herritarrak bertako dendetan erostera animatu gura ditut.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!