Azaroaren 3an eta 4an izango da 24 Ordu Digitalean

Anboto 2023ko urr. 30a, 10:34

Film laburren Elorrioko lehiaketa ezagunaren XIX. edizioa da aurtengoa, eta azaroaren 3an eta 4an jokatuko da. Urtero legez, parte hartzaileek 24 ordu izango dituzte film labur bat sortzeko.

Filmean agertu beharreko esaldia, objektua eta gai zehatza azaroaren 3an azalduko dituzte antolatzaileek, 17:00etan. Azaroaren 4an erakutsiko dituzte parte hartzaile guztien lanak, 20:00etan, Arriola Antzokian. Emanaldia amaitu eta gero, sari banaketa egingo dute; sari nagusia 700 eurokoa izango da eta finalistentzat 500na euroko beste bi egongo dira. Ia hamarkada biko ibilbideagaz, jaialdiak errotzea lortu du Elorrion, eta multimedia munduan parte hartzeko formula berriak sortzea du oraindino helburu, originaltasuna, ideia trebetasuna eta istorioen osaketa desberdinak bultzatuz. Durangaldeko parte hartzaileak izaten dira gehienak, Elorriokoak asko, baina badira Euskal Herriko beste toki batzuetatik datozen taldeak ere. 

Izena emateko eta informazio gehiago lortzeko, 24ordu@arriolaka.eus posta elektronikoa erabili daiteke. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!