Zer dira lina-putzuak?
Lurrean egiten ziren egiturak dira. Normalean egitura biribilak ziren. Lihoa zenbait egunean beratzen ipintzeko erabiltzen ziren lina-putzuak, landare zuntza eskuratzeko. Hau lortzeko, zurtoinaren kanpoko aldea usteldu egin behar da. Beraz, lihoa erreketan edo lina-putzuetan sartzen zuten. Baita landetan zabaldu ere, iruntzagaz eta euriagaz umeldu zedin.
Zergaitik dira garrantzitsuak?
Putzu hauek etxeko ekoizpen sistema lez ulertu behar ditugu. Nahiz eta batzuetan modu industrialagoan erabili. Hala ere, guk aurkiturikoak etxeko ekoizpen sistemarako erabiltzen zirenak dira. Lihoari loturiko lana emakumeen ardura zen gehienbat, eta horregaitik pentsatu daiteke egitura eta jarduera hauek ez direla horrenbeste ikertu.
Nire ustez, garrantzitsua da zelakoak diren jakitea. Ez dira ageriko egitura batzuk, eta, jendearen memoria kolektiboa galtzen dabilela ikusita, erraza da egitura hauek bertan behera uztea eta desagertzea.
Elorrioko lina-putzuak ikertu dituzu. Zer aurkitu duzu?
Iturri desberdinak erabilita aurkitu ditugun lina-putzuak dokumentatzea lortu dugu. Geolokalizatu ditugu, ondoen daudenen 3Dko modeloak egin ditugu eta, gainera, putzu hauek eragindako gatazka batzuen inguruko informazioa ere jaso dugu. Hau da, lina-putzuak eta hauek sortzen zuten kutsadura. Horrez gainera, zelan erabiltzen ziren ere ikusi dugu.
Putzuen hasierako argazki bat ere aurkitu dugu eta honek etorkizunean Elorrion ikerketa gehiago egitea ekar dezake.
Zenbat aurkitu dituzu? Gehiago egon daitezke?
Jose Garaizabali eskerrak bost putzu aurkitu ditugu; lehendik ezagutzen zituen. Horiez gainera, beste egitura bi ere topatu ditugu, baina hauek egiaztatzeko ditugu oraindino. Badakigu iraganean putzuak ohikoak zirela, eta normalean baserri bakoitzak bere putzua zuela. Zenbait iturriren arabera, oso ohikoa zen neskato bakoitzari, jaiotakoan, bere lursail zatitxoa uztea lihoa lantzeko. Beraz, aste honetako berbaldiagaz lina-putzu gehiago aurkitzea espero dugu.