Elorrioko Udalak %3ko igoera orokorra adostu du tasa eta zergetan

Anboto 2023ko urr. 9a, 09:38

EH Bilduk eta EAJk igoeraren alde bozkatu zuten. Elkarrekin-Podemosek igoeraren kontra. 

Urri hasieran egindako osoko bilkuran, Elorrioko Udalak tasak eta zergak %3 igotzea erabaki du, EH Bilduren eta EAJren aldeko botoekin. Elkarrekin-Podemosek, berriz, kontrako botoa eman zuen. "Alde batetik azken bi urteetako KPIaren igoera orokorra dago, urteko %5,7tik gorakoa, eta horrek desoreka sortzen du udal zergen eta bizitzaren benetako kostuaren artean; bestetik, Elorrioko Udalak inguruko udalerriek baino zerga baxuagoak ditu; eta, amaitzeko, udalak finantzazioa behar du kalitatezko zerbitzu publikoak eskaintzeko", azaldu du Maria Herrero zinegotziak. 

Bestalde, ordenantzek hobarietan aldaketak jasotzen dituztela azaldu dute. Besteak beste, nabarmendu dute Ondare Higiezinaren Zergan hobari bat ezartzen dela familia ugarientzat eta ahultasun-egoeran dauden pertsonentzat. Era berean, hobari bat ezartzen da eraikuntza, instalazio eta obren gaineko zergan, efizientzia energetiko hobetzeko helburua duten esku-hartzeetarako, EAJk egindako ekarpena izanik. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!