Aitziber Gonzalez Garcia Arkeologoak Elorrioko liñaputuzuen bueltan ikertutakoa jorratuko du urriaren 10ean, 19:00etan, Iturri Kultur Etxean. Iaz, Elorrioko Udalak liñaputzuen inguruko ikerketa egitea enkargatu zion Gonzalezi eta hitzaldian hori azalduko du. Gonzalezen esanetan, iraganean arropak egiteko lehengaia ateratzen zen liña edo liho landareetatik, eta erreka bazter eta inguruetan eraikitako putzuetan uzten ziren hainbat egunez, urak materiala bigundu zezan.
"Liñaren trataera, etxeko lan askorena bezala, emakumeek eroan dute, eta jakina da emakumeek egiten zituzten ekintzei garrantzi gutxiago eman izan zaiela. Horregatik ematen ditugu gaur egun ia galdutzat, ez delako ganorazko bilketa lanik egin. Kasu honetan, Elorrioko Udalak interesa erakutsi du, ez hainbeste lihoagatik, emakumeen jarduera zelako baizik", azaldu du Gonzalezek.
Udalak azaldu duenez, ikerketa aurrera egiteko, laguntza handia eman dio Jose Garaizabal elorriarrak. Hari esker, soilik Zenita auzoan bost putzu-egitura deskurbritu dituzte.
Asteburua, artisautza tailerra
Asteburu honetan, berriz, artisautza-tailer bat egingo da Elorrion, Arto orriak oinarri hartuz sormen prozesuaren bidaia izenekoa. Tailerra Itziar Arbulu atxondarrak emango du. Hiru emanaldi izango dira: bata euskaraz helduentat, urriaren 7an, zapatua, 10:00etatik 14:00etara; bestea euskaraz familientzat, urriaren 7an, 16:00etatik 18:00etara; eta azkena gaztelaniaz helduentzat, urriaren 8an, igandea, 10:00etatik 14:00etara.
Tailerrean parte hartzeko plazak mugatuak izango dira eta beharrezkoa da aldez aurretik izena ematea 94 682 01 64ra edo 688 77 62 70era deituta edota
turismoa@elorrio.eus helbidera idatzita.