'Venganza&Perdon' kaleratu duzue oraintsu. Pozik zaudete izaten ari den harreragaz?
Irailean kaleratu dugu diskoa, baina oraindino ez dugu plataforma digitalean ipini. Oraingoz, gure inguruko jendearengana baino ez da heldu, baina gu oso gustura gaude, askok esan digutelako originala eta landua dela. Eta guretzat horixe da garrantzitsuena. Gu asebeteta geratu gara.
Elorrioko gaztetxean aurkeztu zenuten diskoa. Pozik?
Ez dugu uste gau hori ahaztuko dugunik. Eguraldiak lagundu ez arren, oso ondo irten zen dena. Gure asmoa kanpoan jotzea zen, eta Galazota eta Txerrikumeak taldeek barruan. Azkenean, barruan izan zen guztia, eta ordubeteko atzerapenagaz. Hala ere, oso ondo joan zen guztia, eta gonbidatuekin jo genuen kontzertua, lagun artean.
Berrizko Lorentzo Recordsen grabatu duzue diskoa. Zelako prozesua izan da?
Diskoaren grabazioa polita izan da, baina gogorra. Normalean, 4-5 kideko taldeetan, lagun bi lanean daudenean gainerakoek trankil egoteko denbora dute, haizea hartzeko; guk, bi izanda, ia ez genuen tarte librerik izan eta, alde horretatik, apur bat saturatuta amaitu genuen. Hori kenduta, prozesua erraza izan zen. Pentsaturikoa baino denbora gutxiago behar izan genuen eta Aitorregaz oso gustura egon ginen lanean. Pazientzia eta ezagutza handikoa da Aitor.
Hainbat lagunek kolaboratu dute.
Orbek baxu doinuak grabatu ditu hiru abestitan, Romerok kutxa beste hirutan, eta Idoiak pianoa Garaitu nau eta Autobultzaketa abestietan; honetan ahotsa ere grabatu du.
Bertsio bi grabatu dituzue.
Fiachrasen Autobultzaketa eta Subestimadosen A las puertas del cielo sartu ditugu diskoan. Autobultzaketa hasieratik jo izan dugun abestia da, eta diskoan elegante geratu zitekeela uste genuen; Idoiagaz berba egin genuen, berak ahotsa eta pianoa sartzeko, eta asko gustatu zaigu emaitza. Bestalde, A las puertas del cielo lagun baten gomendioz hasi ginen jotzen, eta gu ordekatzera pasatu zen segituan. Abesti horren oinarria gitarra akustiko bik osatzen dute, eta, horrela, ukitu desberdin bat ematea pentsatu genuen.
Abesterakoan, gaztelaniaren, euskararen eta ingelesaren artean egiten duzue jauzi. Erosoena egiten zaizue?
Ez da erosoena guretzat. Ingelesez Come on abestiko estribilloa baino ez daukagu, eta, egia esateko, ez dakigu zergaitik, horrela irten zelako. Gainerako abestiak euskaraz eta gaztelaniaz dira (gaztelaniaz gehitxoago). Horrela irten zaigulako da, hau da, gorputzak eskatzen digun moduan idatzi dugu abesti bakoitza. Alboratu edo aldaturiko gauzak egon dira, jakina, baina ez hizkuntza baten edo bestean egon delako eta hori aldatzeko.
Abesti batzuk bateriagaz eta baxuagaz grabatu dituzue; kutxa eta pianoa ere sartu dituzue. Probatzearren ala abestiak eskatzen zizuelako? Aurrerantzean formatu berdinean jarraitzea aurreikusten duzue ala ez duzue baztertzen taldekide gehiago batzea proiektura?
Abestiak eskatu diguna egin dugu beti; batzuetan hobeto joan da bateria kutxa baino, eta alderantziz. Argi dago pianoak beste indar bat ematen diola abesti bakoitzari, eta horren arabera ere sartu dugu. Eta baxuak beti laguntzen du abestia osatu eta gorputza ematen.
Formatuarena hasieratik planteatu dugun kontu bat da. Estudiora sartu aurretik, bagenekien gero kontzertuetan soinu hori ateratzea ez zela erraza izango, baina disko landu bat kaleratzea gura genuenez, aurrera jarraitzea erabaki genuen. Orain, formatu akustikoan saldu behar dugu geure burua, hau da, pianorik, kutxarik eta bateriarik barik. Baina gu denera zabalik gaude, eta ez dakigu aurrerantzean aldaketarik egongo den... Batek daki!
Baduzue beste kontzerturik lotuta?
Kontzertu bi gehiago ditugu guztiz itxita. Hurrengoa urriaren 27an izango da, Gasteizko Ttipia tabernan. Pena txiki bat dugu: diskoa uda ostean kaleratu dugu, eta grabazioa dela-eta udan egin dizkiguten proposamenak ezin izan ditugu onartu. Hala ere, jende honi guztiari diskoa gustatzea espero dugu, eta aurrerantzean beste hainbat lekutan ere jo ahal izatea.