Lasalak dantzan egingo du Elorrion, hamar urteko ibilbidea ospatzeko

Aritz Maldonado 2023ko ira. 22a, 12:00

Entsegu bateko argazki bat. @etanowsky

Barikuan izango da Lasalaren 10. urteurreneko emanaldia, hilak 22, 20:00etan, Arriolan. 

Ez da erraza hamarkada batez dantza talde bati eustea, eta horregaitik erabaki du Judith Argomaniz donostiarrak berak zuzentzen duen Lasala dantza konpainiaren hamargarren urteurrena taula gainean ospatzea, ikuskizun berezi bategaz; urteotan egindako piezarik esanguratsuenen bilduma proposatzen du Arriolan gozatu ahal izango den emanaldiak. Ibilbide osoan zehar, konpainiak hizkuntza propioa garatu du eta egungo estetika, zinemagintza, argazkigintza eta diseinuetara egokitzen dakiela ere erakutsi du. Ibilbide honetan, konpainiak dozena bat ikuskizun sortu ditu; azkena, azaroaren 5ean Donostiako Victoria Eugenian estreinatuko duten Shine. "Sara Ahmedek garai turbokapitalista honetarako planteatzen duen zoriontasun promesetatik abiatuta eraiki da lan hau", azaldu dute konpainiatik.

Estreinua etxean
Bestalde, Logela multimediak ikuskizun berria estreinatuko du domekan Arriolan: Anbotoko Mari. Gari da antzezlan multimedia honetako protagonista; lagunekin haserretu, Anbotora igo, Mariren haitzulora sartu eta bertan dagoen harri magiko bat ostuko du; Mari bera atzetik joango zaio, eta bidaia zoro bat hasiko dute horrela, Tartaloren, iratxoen eta beste jeinu batzuen parte hartzeagaz; Eneritz Garcia, Unai Eleizalde eta Ander Garaizabal dira aktoreak. Imanol Garaizabalek zuzendu du antzezlan multimedia. Emanaldia 17:00etan hasiko da. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!