Montorran 140 etxebizitza egiteko planak aurrera darrai

Maialen Zuazubiskar 2023ko ira. 15a, 12:04

Behin betiko onartu zuten proiektua atzoko osoko bilkuran. Udaletik jakitera eman dutenez, oraindik bidea dago egiteko, eta plana epe ertain-luzera gauzatuko da. 

Atzo arratsaldean egindako osoko bilkuran Montorra eremuko plan berezia behin betiko onartu zuten; EH Bilduren eta EAJren aldeko botoekin eta Elorrioko Podemosen abstentzioarekin. Hori horrela, 140 etxebizitza eraikitzeko proiektuak aurrera darrai. 140 etxebizitza horietatik erdiak, 70, babes ofizialekoak izango dira, 40 sozialak eta 30 tasatuak

Elorrioko Udaletik jakitera eman dutenez, sakonera handiko esku-hartzea suposatzen du honek, herriaren fisionomia aldatuko baitu. Ganondo parketik Argiñeta etorbiderainoko eremua hartu eta hainbat proioektu egingo dira bertan: etxebizitzak eraikitzea, Ganondo parkea Montorrarantz jarraitzea, ibaia udaletxearen parean agerian jartzea eta Alde Zaharra eta Ganondo zubi bidez lotzea, besteak beste. Horrez gain, Elorrioko mugikortasuna ere hobetuko dela azaldu dute. 

"Montorra herriarekin landu den proiektua da. 2018an hasi ginen proiektuarekin eta bizilagunekin hainbat bilera egin ostean, adostasunak lortu dira", azaldu du Maria Herrero Hirigintzako zinegotziak. Horrez gain, gaineratu du, oraindik bidea dagoela egiteko eta plana epe ertain-luzera gauzatuko dela. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!