Arrazismoaren gainean hausnartzeko taldea sortu gura dute Elorrion

Anboto 2023ko ira. 14a, 12:02

Udazkenarekin batera martxan daude Elorrion emakumeen boteretzerako ikastaroak eta berdintasun sailak antolatutako beste ekimenak. 

Urtero lez emakumeen ahalduntzerako ikastaroak martxan ipiniko ditu Elorrioko Udalak. Aurten, gainera, arrazismoaren gainean hausnartzeko taldea sortu nahi dute, kontzientzia kritikoa garatzeko. 

Ikastaroei dagokienez, oinarrizko konponketen gaineko tailerra egongo da, mugimenduaren bitartez antsietatea murrizten ikasteko lantegia ere egingo da, Pole Dance ikastaroa eta ahozko komunikazioan trebatzeko eta ahalduntzeko ikastaroa. Jardunaldien eskaintzari lotuta emakumeentzako sostengu taldeak martxan jarraituko duela jakitera eman dute. 

"Elorrioko emakumeen boteretze-prozesu indibidualak, kolektiboak, sozialak eta politikoak sustatzea dute helburu gure politikek, eta horretarako, behar-beharrezkotzat jotzen dugu ikuspegi feminista ikastaroak, hitzaldiak, erakusketak, topaketak eta bestelakoak antolatzea. Horrela lortuko dugu emakumeen eta gizonen arteko berdintasun erreala lortzeko bideak zabaltzea eta bizitzea merezi duten bizitzak sortzen laguntzea", adierazi du Alazne Mendizabal zinegotziak. 

Besetalde, orain arte bezala, etxeko eta zaintza lanetarako aholkularitza-zerbitzuak martxan jarraituko duela azaldu dute. Aholkularitza-zerbitzurako hitzordua hartu gura duenak, Herritarren Arretarako Zerbitzura jo dezake edo 655 603 809 zenbakira idatzi. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!