Mugimendu feministak deituta, elorriar talde batek kontzentrazioa egin du arratsalde honetan, herriko hainbat neska gaztek jasandako jazarpena salatzeko. Mugimendu feministak joan zen astelehenean, gaur zortzi, jakin zuen gertatutakoaren berri. Eta handik egun gutxira, asteburuan, jakinarazi zuten jazarpen kasuek jaietan "lehertu" direla, baina atzeragotik datozela. Azpimarratu dutenez, neskek "urteetan" jasan dituzte "mehatxuak, xantaia, manipulazioa, kontrola eta beldurra". Jazarpen hori "sare sozialen bitartez eta aurrez aurre" jasan dutela zehaztu dute, eta gaineratu dute egileak bere "adin tartea eta posizioa" baliatzen zuela jazarpena egiteko.