Zerbitzu publikoek hartu duten norabidea salatzeko gizakate dinamikoa egin zuten atzo Elorrion. “Gizartea zahartzen eta zaintza beharrak handitzen dabiltzan bitartean, gizarte zerbitzuak eta osasun publikoa gutxitzen ari dira”, azaldu zuten Argi Gorriak taldeko kideek. Deitzaileen berbetan, Elorrion ere argi eta garbi ikusten dira arazo horiek. Eurek diotenez, alde batetik, Elorrion ezinbestekoa da eguneko zentro baten beharra. Bestetik, Osakidetzak ez ditu medikuak eta pediatrak ordezkatzen. Eta, azkenik, Bizkaiko Foru Aldundiak Elorrioko Laguntza Zentroan ipini gura dituen bizikidetza unitateekin, "ohe publikoak eta lanpostu publikoak suntsituko dira".