"Bidea egin ahala gauza berriak probatzen joan gura dut"

Anboto 2023ko ira. 3a, 10:00

Intza Olabarriak Marapilo proiektuari ekin zion udaberrian. Bidea egin ahala joan gura du jasotako eskariei erantzuten, bide berriak probatuz.

Zelan sorturiko proiektua da Marapilo? Zein helburugaz? 
Eskulanak egitea gustatzen zait eta beti gura izan dut horrelako proiektu bat aurrera atera. Baina beste lan batzuk izan ditut eta ez dut astirik izan. Aurten aukera sortu zait ahalegin eta denbora guztia proiektu honetan erabiltzeko. 

Makrame korapiloak eginez poltsak eta dekoraziorako osagarriak egiten dituzu. Zein da arrakastatsuena?  
Mandalak dira gehien erakartzen dutenak. Lan handia eskatzen dute eta eragin handia dute. Baina ezin dira edozein tokitan ipini; pentsatu egin behar da. Gainera, atzean dagoen lana baloratzea, prezio duin bat ipintzea, oso gatxa da. Jendeak ez du behar den beste baloratzen hori. Poltsekin berdin gertatzen da. Hala ere, gehiago saltzen dira. Batez ere, belarritakoak, lepokoak… Hondartzan banan-banan baturiko kristalekin egiten ditut. Askotan harritu egin nau kristal bi ia igualak topatzea. Itsasoak bueltaturiko kristal horiek esku-poltsetan ere erabili izan ditut.

Naturak emandakoak erabiliz sortzen dituzu osagarriak?
Bai. Umetatik harri bereziak, oskol txikiak eta kristalak ekarri izan ditut etxera, hondartzara joan naizen bakoitzean. Betidanik gustatu zait natura, geologia ikasi dut eta harriek asko transmititzen didate: nondik datorren, duen historia... Bada, naturak harri berezi bat ematen badit, horregaz zerbait sortzea gustatzen zait. Hondartzan baturiko makilekin etxerako ispilu handi bat ere sortu dut. Bestalde, kalamua erabiltzen dut poltsak egiteko; ingurumenean duen eragina ez da material sintetikoen berdina.

Non ikasi duzu?  
Interneten ikusita, sare sozialetan ipinitako bideo tutorialekin. Hasieran korapilo itzela nuen esku artean; korapilo mordoa ikasteko. Bada, ezinbestean Marapilo behar zuen proiektuak. Oraindino ikasten jarraitzen dut, korapiloak askatzen. 

Makramea modan dago? 
Bai, oso modan. Asko ikusten dira makramea erabilita sorturiko osagarriak. 

Zelan definituko zenuke Marapilo? 
Naturak emandakoa aprobetxatuz, bertotik ideiak hartuz, bitxiak, poltsak, dekorazio osagarriak… sortzeko proiektua da. Intzari sormenak eskatzen diona garatzeko eta publikoari eskaintzeko sortua. Haria askatzen joango da, apurka. Bidea egin ahala gauza berriak probatzen joan gura dut, eskariei erantzuten, helburu jakin barik.  

Nora eramango zaitu Marapilok?  
Ez dakit. Honetaz bizitzea oso gatx ikusten dut. Dena ondo badoa, salmenta puntuak zabaltzea ere pentsatu dut. Proiektuagaz aurrera egin gura dut, zelan doan ikusi, geologo lez sortu daitezkeen lanekin uztartuz. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!