“Sare sozialek handitu egin dute gure buruari ipinitako exijentzia maila”

Ekaitz Herrera 2023ko ira. 1a, 09:01

Maider Del Río Larramendi (Elorrio, 1979) osasun psikologoa da. Hainbat lan arlotan esku hartzen du. Batetik, beste hiru lankidegaz batera osaturiko Adeitu Psikologia zentroan, Durangon. Bestetik, Abadiñoko, Iurretako eta Zaldibarko ikastetxeetan, eta, azkenik, Durangoko Udalak martxan ipinitako psikobonuen programan. Oporren osteko errutina, nerabe eta gazteen kezka iturriak zein hartu-eman digitalei buruzko kontuak izan ditu berbagai ANBOTOK ikasturte hasieran egin dion elkarrizketan.

Ikasturte berria martxan da eta, urtero lez, bolo-bolo dabil ‘Oporren osteko sindromea’ deitzen dugun hori. Baina, badago halakorik? Egiazko sindrome bat da?
Badago oporretatik errutinara egokitu arteko trantsizio bat, bai. Egokitzapen prozesu bat da. Oporretan ordutegirik barik eta libre egotetik errutinara bueltatzen garelako. Baina hori guzti hori sindrome bat den? Ez dago definituta. Bajutxo gaudela esan dezakegu, baina ez da trastorno edo nahasmendu bat. Nekea, saminkortasuna, logura, malenkonia, antsietatea edo kontzentrazio eza sentitu ditzakegu. Baina denbora bat pasatuta, etorritako bide beretik doan zerbait da. Egokitzapen prozesuaren zati da. Eta bere kabuz joaten ez bada, orduan bai, orduan arazo bat dago.

Errutina ikastetxeetara ere bueltatuko da laster. Zuk eskualdeko hiru herritako ikastetxeetan esku hartzen duzu umeen gurasoekin, nerabeekin. Zeintzuk  dira haien korapilo nagusiak?
Normalean, lagunarteari edo ikasketei loturiko kezkak dituzte. Inguratzen dutenarekiko partaide izatea bilatzen dute. Umeak, adibidez, zoriontsu dira haien ingurukoekin hartu-eman onak dituztenean, gurasoekin, lagunekin, irakasleekin. Egunerokotasunean arazo batzuk izan ditzaketen arren, modu orokor batean zoriontsu dira hartu-eman onak dituztenean. Sostengu hori badaukate, normalean nahiko zoriontsu izango dira. Gehienetan, gurasoak dira etortzen direnak. Umearen fobiak, beldurrak, kasketak, ikasketa arazoak, gurasoengandik banatzea,... horrelakoak lantzera etortzen dira. 

Eta nerabeen kasuan?
Gauzak asko aldatzen dira. Batetik egokitzapen prozesuak daude. Adibidez, Lehen Hezkuntzatik DBHra salto egiteak ekarri dezakeen desafioa. Egokitzapena egitea gehiago kostatzen da. Bestetik, antsietatea eta depresioa daude. Oso ohikoak dira. Ingurune batean zure lekua egin gura eta ezina, trebezia sozialik eza, besteek norberarenganako izan dezaketen biolentzia, horretarako arrazoi asko dago. Sarri, nerabeek ez dakite zer gertatzen zaien. "Ez nago ondo, baina ez dakit zer gertatzen zaidan", esaten didate. Gurasoekin izaten dituzten ika-mikak, ardurak hartzea, lehenengo hartu-eman afektibo eta sexualei loturikoak, identitateari eta sexualitateari loturikoak... emozioak isiotzen diren sasoia da, emozioek goia jotzen duten sasoia. Gero norbere autoestimuari, autoirudiari eta norbere buruaren onarpenari loturiko gaiak daude. Norbere gorputzari eta ematen den irudiari loturikoak. "Balio ote dut ala ez?", galdetuz bezala. Orokorrean, nahiko autoestimu baxuagaz etortzen dira. Eta, jakina, hor sare sozialak ere sartzen dira jokoan.

Sare sozialen presentzia igartzen da kasu horietan?
Lehen, arazoa zure eta nire artekoa izan zitekeen, aurrez aurrekoa. Baina orain, klik bakar batean, 50 pertsonak dakite zuk eta nik arazo bat duguna. 50 horiek posizionatu egiten dira eta hor gatazkak kudeatzea ez da hain erraza.

Telefonoak gure arteko hartu-emanak aldatu ditu?
Berbarik bako komunikazioa guztiz galtzen da, eta horrek arazoak sortu ditzake mezuak interpretatzerako orduan. Whatsappa oso tresna baliagarria da gauza batzuk komunikatzeko. Hitzorduak egiteko, baten bategaz geratzeko, baten bati zelan dagoen galdetzeko. Oso tresna eraginkorra da komunikazio hori mantentzeko, presentzia mantentzeko. Baina eztabaida bat izateko, adibidez, Whatsappa desastre bat da. Gai polemiko batek irteten duenean, egundoko iskanbilak sortu daitezke. Berdin Rubiales auziari buruz berba egiterakoan edo gure auzo elkarteko Whatsappean. Informazioa oso mugatua da eta lau lerrotan adierazten duzu zein iritzi duzun. Gai serioak Whatsappez tratatzerakoan, gehiago korapilatu baino ez dira egiten. Hobeto da aurrez aurre lantzea, baina gazteek, askotan, Whatsappera jotzen dute.

Eta Youtubek, Instagramek eta halakoek zelan eragiten diete?
Tresna horietan, nerabeek lider modukoak topatzen dituzte, ispilu lez erabiltzen dituzten ereduak. Baten batengan islatu eta horren aurrean kokatzen dira. Galdera honi erantzutearen modukoa da: "Nork egiten nau ni baleko?". "Pertsona honengan islatuta, non kokatzen naiz ni?". Eta Interneteko ispilu horietan islatzen direnean, askotan sentitzen dute "nik ez dut balio" moduko bat. Hau da: zuk izan ditzakezu oso onak diren bost lagun, baina hori balekoa da? Ala balio duena jarraitzaile edo follower kopurua da? Momentu oro egon behar dut gauza interesgarriak egiten eta horiek sare sozialetan komunikatzen besteentzat interesgarri izan nadin? Balioak aldatu egin dira. Kuadrillan bost, zazpi, hamabost izan gintezkeen lehen. Eta kito. Orain, ostera, sozialki daukaten exijentzia maila handiagoa da. Aldaketa potente bat gertatu da eta hori kudeatzen ikasi behar da. Ez dut esaten sare sozialak txarrak direnik. Ez dira ez onak ez txarrak. Maneiatzen ikasi behar dugu.

Eta helduagoak garenok libratzen gara hortik?
Gugan ere badu eragina, jakina. Whatsappa modu egokian erabiltzen dugu? Bada, ez dakit. Zenbat denbora igarotzen dugu Instagramen istorioak ikusten? 50 urteko heldu batek Instagram erabiltzen badu, zelan erabiltzen du? Beharbada modu baldarrago batean, baina ziur antzeko helburuekin ere egiten duela. Esan dudan moduan, erabilera ona bada tresna positiboak dira. Telebistagaz gertatzen zen lehen, sare sozialekin orain. 

Pandemiak zein eragin izan du erabilera digitaleko gailuetan?
Joera asko areagotu da ordutik, baina badu azalpena. Nerabeek irtetea behar dute, usaintzea, ukitzea, sentitzea. Horrela sozializatzen dira, lagunak eginez, jendea ezagutzen, esperimentatzen. Hori ezinbestekoa dute. Eta zer gertatu zitzaien pandemian? Batetik, gurasoak zituztela ondoan uneoro. Eta, bestetik, sozializatzeko espazioa kendu zitzaiela. Isolamendu horren irtenbidea sarean topatu zuten. Sareak asko erabiltzea eragin zuen horrek. Eta esango nuke orduko inertzia horrek gaurdaino iraun duela. Tik-token edo halakoren batean ez bazaude, ez zara ezer. Nerabeek eurek galdetzen didate: "Zelan ez daukazula Tik-tok konturik?". Erantzuten diet egunen batean erabiltzaile egingo naizela. Kimika ona lortzen da haiekin. Nerabeek badute magia hori, izugarri ikasten da haiekin. Helduak garenok uste dugu dena dakigula. Baina ez.

Goazen orain botila erdi beteta ikustera. Zeintzuk dira umeen eta nerabeen aukerak, ametsak, motibazioak, gaitasunak?
Nerabezaroa eta gaztaroaren lehen zatia sentimenduek goia jotzen duten unea da. Ume izatetik, gurasoak mirestetik, zu zeu izatera igarotzen zaren aroa. Eta hor krisialdiak eta momentu oso-oso onak tartekatu daitezke. Nerabeek eta gazteek kuriositatea daukate, idealistak dira, mundua aldatu gura dute. Eta oso kritikoak izan daitezke helduokin. Ziniko lez ikusi gaitzakete. Zerbait egin behar dela esaten dugula baina gero beste bat egiten amaitzen dugula ikusten dute. Bestetik, lan altruista asko egiten dute. Denbora libreko monitoreengan edo kirol entrenatzaileengan ikusten da hori. Berdin Saharara laguntza edo elikagaiak bidaltzeko duten prestutasunean. Aurrekoan heldu batek komentatzen zidan gazteak ez direla altruistak. Baina ez, ez da horrela. Kontua da gazteek ez dutela guk altruistatzat dugun hori egiten. Altruistak izan badira. Haien erara egiten utzi behar zaie. Horrez gainera, oso enpatikoak direla iruditzen zait. Haien emozioak kudeatzen asko laguntzen dute elkar. Ezberdinak dira, beste belaunaldi bat dira, eboluzio bat dira. Eta bilakaera horretan, desberdin sentitu behar dute.

Durangoko Udalak proiektu berri bati ekin zion ekainean. 14tik 35 urtera arteko durangarren eskura psikobonuak ipinita, osasun mentalaren zaintza lantzeko proiektua hasi zuen. Zuk bertan esku hartzen duzu Bizkaiko Psikologoen Elkargoko beste hainbat kidegaz batera. Zer moduzko esperientzia izaten ari da?
Abuztua erdian izan dugula kontuan hartuta, nahiko esperientzia ona dela esango nuke. Jendea badabil mugitzen, gazteak badabiltza deitzen. Erabiltzen ari direnak baino askoz psikobonu gehiago daude salduta. Beraz, aurreikusten duguna da irailetik aurrera proiektua berraktibatu egingo dela. Programagazko erantzuna oso ona izan delakoan nago. Bizkaiko Elkargoko dozena bat psikologo ibili gara lanean. Prozesuaren edozein momentutan gehiago sartu daitezke. Adeitu Psikologia zentroan lau psikologo gaude, eta denon artean hogei bat pertsona artatzen gabiltza. Elkarlanean sinesten dut. Bai eskolan, lanean, instituzioekin eta zuekin, hedabideekin. 

Osasun mentala zaintzeari behar den moduko garrantzia ematen diogu?
Pandemiak ekarri duen onuretariko bat osasun mentalari buruz berba gehiago egitea izan da. Etxean, zarratuta egonda, gorputza zaintzeari buruz barik ongizate mentalari buruz berbetan egon gara. Zelan zaindu, zer egin. Esango nuke komunikabideek mahai gainean ipini dutela gaia. Orain arte ez zen horri buruz hainbeste berba egiten. Bestalde, nerabeek ez dute lotsarik psikologoarenera etortzeko. Naturaltasunez hartzen dute. Oraindino badago tabu hori aldatzeko beharrizana, baina kontua ez da lehengo modukoa. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!