Jasotakoa sailkatu ostean, Gerediagaren dokumentategian egongo da ikusgai. Gaur gaurkoz, dokumentategian honako hauek daude: Durangaldeko gairen bat duten 1.700 liburu, German Zorraquin argazkilariaren 800 argazki, Durangaldeko lekuen erakusgarri diren 500 postal, eta Durangaldeko baserrien inbentario lanean jasotako 1.500 baserri (2002 urtekoa).
Alejandro Landaburu Elgiazu 'Labarixa' 1906ko abuztuaren 11n jaio zen, Elorrion. Bost neba-arrebetan zaharrena zen, eta argazkigintzan noiz hasi zen ziurtasunez jakiterik ez dagoen arren, Gerediagaren arabera hogeiko hamarkadaren bukaera izan zitekeela erakusten duten hainbat gertaera daude. Espainiako Gerran Radio Requete de Campaña konpainian eman zuen izena, eta frontean sukaldaria izan zen arren, argazkiak ere atera zituen Karlisten aldeko frontean. Argazkigintza lanbide moduan noiz hartu zuen ezagutzen ez den arren, 1954ko faktura daramaten klitxea daude artxibategian. Gerediaga elkarteak oharrean dioenaren arabera, kalean ez zuen argazki dendarik jarri Landaburuk, eta bezeroak Buskantz kaleko (garai hartan General Mola kalea) etxebizitzara joaten zitzaizkion.
Orain arte funts hau Alejandro Landabururen iloba Pilar Landaburuk eta bere seme Franciso Javier Iruarrizagak gorde dute.