Zapatuan, Neomak taldearen txanda izango da. Zazpikote gipuzkoarra jo eta su dabil taula gainean iaz kaleratu zuen Neomak diskoa aurkezten. Ekainean, adibidez, Donibane Lohizunen, Irunen, Teruelen eta Lasarten eman zituzten kontzertuak. Horrez gainera, mundu osoaren erakusleiho den Frantziako Tourraren irekiera ekitaldian ere jo zuten kontzertua. Trikiti txapelketetan eta Sorginak proiektuan elkarregaz aritu ostean, elektronikagaz esperimentatzeko helburuagaz ekin zioten 2019an Neomak proiektuari.
Ohikoa den moduan, musikaz gainera beste diziplina batzuk ere egongo dira ikusgai Elorrioko Musikairen. Domekan, hilak 9, Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoek Urteak bete, abenturak bizi ikuskizuna egingo dute, 19:00etan, plazan. Pailazo taldeak 35 urte bete ditu errepidean, eta hori ospatzeko muntatu dute ikuskizun hau. "Urteak betetzea garrantzitsua da, baina are garrantzitsuagoa abenturak bizitzea! Eta horixe izango da gure ospakizuna: beste abentura bat bizitzea", diote. Bestalde, datozen asteetan Ruper Ordorika, Verde Prato, Antonio Lizana eta dantza garaikidea ikuskizuna (Qabalumen La medida que nos ha de dividir, LaRutanen Out of blue, Wakoren Hellouses y goodbyeses eta Sekairen Through natura obregaz) eta O sister taldeen emanaldiak egongo dira.
Udalaren "ahalegina"
Musikaireren edizio berri honen aurkezpenean, Elorrioko Udalak bere ekarpena %30 igo behar izan zuela salatu zuen Julene Lazkano alkateak. "Kulturaren aldeko konpromisoagaitik, eta Musikaireren kalitate mailari eusteko, Elorrioko Udalaren diru partida handitu behar izan dugu, Aldunditik geroago eta diru gutxiago jasotzen dugulako", azaldu zuen. Guztira, 90.000 euro inguruko aurrekontua du kultur egitasmoak.