Finaleko partidu biak irabazi zituzten. Emakumeetan Julene Inunciagak eta Jaione Escribanok 30-20 menderatu zituzten U.Urgoiti eta A.Oiartzabal. Gizonen senior mailan, berriz, Elorrioko Xabi Bikuñak eta Iker Agirresarobek lortu zuten garaipena N.Zugazaren eta A.Ortuzarren kontra: 30-10. Lau pilotariak Elorrioko Hori-Hori pilota klubean dabiltza. Elorriok Zornotza eta Bakio kanporatu ditu finalera heltzeko.
Emakumeetan harrobi oparoa eta hainbat txapel
Une honetan Elorriok harrobi oparoa du emakumeen paleta goman: 16 urtera urteko 14 gazte dituzte eta umeetan beste 20 bat dabiltza. Kantitatez ez ezik, kalitatez ere ondo hornituta daude aurtengo emaitzek erakusten dutenez. Kadete mailan Euskal Herriko txapeldun geratu dira Elene Garcia, Haizea Irañeta eta Julene Inunciaga. Bizkaiko, Gipuzkoako, Arabako eta Nafarroako bina bikotek osatutako ligaxkan partidu guztiak irabazi dituzte. Horrez gainera, txapelketa horretan eta kadeteetan, buruz buruko txapeldun geratu da Julene Inunciaga.
Euskal Herriko txapelketan nagusien mailako hirugarren mailan ere aritu dira eta finala Elorrioko bikote biren artekoa izan da. Kasu honetan, Julene Inunciaga eta Malen Berrueta geratu dira txapeldun eta Haizea Irañeta eta Elene Garcia azpitxapeldun.
Hori gutxi balitz, joan zen barikuan Nafarroako Emakume Master Cup torneoko finalak jokatu ziren Lizarran, eta kadete mailako bikote biak elorriarrak izan ziren: Julene Inunciagak eta Malen Berruetak jantzi zuten txapela, eta, Garazi Agirresarobe eta Enara Anitua azpitxapeldun geratu ziren.
Gizonei dagokienez, Ganix Belamendiak eta Xabi Bikuñak txapel bi irabazi dituzte: Bizkaiko kluben arteko hirugarren mailakoa eta Bizkaiko CUP txapelketako bigarren mailakoa.
Euskal Herriko kadete mailako txapeldunak. (Argazkia: Hori hori)
Nafarroako Master Cupa txapelketako txapeldunak. (Argazkia: Hori Hori).
Julene Inunciaga Euskal Herriko kadete mailako txapelarekin.
Euskal Herriko hirugarren mailako txapeldunak.