[BIDEOA]: Indarkeria matxistaren kontrako kanpaina abiatu du Elorrioko Udalak

Anboto 2023ko eka. 22a, 15:22

Udaz eta jaiez gozatzea "guztion eskubidea" dela eta errespetuz jokatzea "denon ardura" dela azpimarratu du Julene Lazkano alkateak. 

Indarkeria matxistaren kontrako kanpaina abiatu du beste urte batez Elorrioko Udalak. Udalarentzat mota guztietako indarkeria matxistarekin bukatzea lehentasunezko gaia da, eta horretarako beraien "esku dagoen guztia" egiten jarraituko dutela azaldu dute.  "Ez da inolaz ere jarrera matxistarik, ezta transfoborik edo homofobikorik onartuko gure herrian", adierazi du Julene Lazkano Elorrioko alkateak. Eta gaineratu du, udaz eta jaiez gozatzea "guztion eskubidea" dela.

Bestalde, gizonezkoek indarkeria sexistaren kontra modu aktiboan parte hartzea ezinbestekoa dela azaldu dute. "Bada garaia mutilon arteko isiltasun-itunak eta aliantzak apurtzeko eta erasotzaileak salatzeko, baita gure lagunak badira ere", azaldu du Jon Urrejola gazteria saileko teknikariak. 

Horrez gain, aurten ere, uztailaren 25ean, igerilekuan infogunea jarriko dutela azaldu dute, prebentzio eta sentsibilizazio kanpainarekin jarraitzeko. Baita irailaren 4an ere. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!