Josu Arrinda elorriarra lider dago Euskadiko enduro txapelketan, eta cross countryan bigarren postuan geratzeko borrokatuko da

Anboto 2023ko eka. 23a, 12:00

Josu Arrinda enduro proba batean. Murueta Motorsport

Euskadiko enduro txapelketa denboraldiaren erdira heldu denean, Durangaldeko gidari bat 'senior trofeo' kategoriako sailkapenaren buruan dago: Josu Arrinda elorriarra. Oraindino asko geratzen da egiteko, baina orain arteko mailari eusten badio Euskadiko txapeldun geratu daitekeela uste du 29 urteko moto gidariak.

Garaipen bategaz ekin zion denboraldiari, Asturiasen. Hurrengo, Nafarroan, bigarren geratu zen eta oraintsu, Elgoibarren, podiumaren gorenera bueltatu da berriro. Orain arte erakutsitako erregulartasunari eustea izango du helburu aurretik geratzen zaizkion lasterketetan: Kantabrian, Burgosen eta Asturiasen. Baliteke azken unean beste lasterketaren bat gehitzea ere. Oraingo hau ez da Euskadiko txapelketaren borrokan dabilen lehenengo aldia. Orain lau-bost urte, junior mailan zebilela, irabazteko aukeragaz heldu zen azken txanpara, baina azken-aurreko proban lesionatu egin zen eta hortxe amaitu ziren elorriarraren aukerak. Aurten onenen artera bueltatu da berriro. "Serioago hartu dut eta askoz gehiago entrenatzen aritu naiz. Gainera, lehen baino patxada gehiagogaz nabil orain, ez naiz jausten, eta horrek erregularra izaten laguntzen dit", adierazi du. Horrela jarraitzen badu txapelketa irabazi dezake. "Elgoibarren, esaterako, oso ondo ikusi nuen neure burua eta aldea atera nien aurkariei. Aurrekari hori ikusita, eta maila berean jarraitzen badut, txapelketa irabazteko aukera ikusten dut", gehitu du.

Elorrion afizio handia dute motoan ibiltzeko, eta aipatzekoa da Euskadiko txapelketan beste elorriar bat ere oso maila onean dabilela: Bittor Aizpuru. Junior mailan dabil, onenen artean. Eta Peru Irazola elorriarra Espainiako enduro extreme txapelketa lehiatzen dabil estatu mailako onenekin.

Cross countryan bigarren
Enduroan ez ezik, cross country modalitatean ere badabil Arrinda, eta ez edozelan gainera. Euskadiko txapelketako bigarren tokian dago laterketarik gehienak joan direnean. Ez du liderra harrapatzeko aukerarik, baina aurretik geratzen diren proba bietan bigarren postuari eusten ahaleginduko da. Lorpen handia litzateke, enduroko 'senior trofeo' kategorian baino maila handiagoa dago eta.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!