“Zapatukoa egun polita izango da, Mamuon Jaixak ilusio handia piztu du-eta herrian”

Anboto 2023ko eka. 16a, 11:00

Otsailean 35 urte bete ziren Elorrion Gaztetxea okupatu zutenetik. Zapatuan egitarau zabal bategaz ospatuko dute.

Hasteko, zer da zapaturako antolatu duzuen Mamuon Jaixa?
Maialen Carlos: Gaztetxearen 35. urteurrenak modu berezi batean ospatzea behar zuela pentsatu genuen. Orduan, nahiz eta urtero lez urteurrena otsailean ere ospatu, Mamuon Jaixa antolatzea erabaki genuen. Jai honegaz beste dimentsio bat eman diogu urteurrenari, eta helburu batzuk ere ipini dizkiogu. Helburuetariko bat herrian Gaztetxeari ikusgarritasuna ematea da, eta, horregaitik, jaia herri guztira zabalduko dugu, ahalik eta jenderik gehienarengana heltzeko. Gu Gaztetxean jendearen zain egon beharrean, herrira goaz, herritarrengana. 
Josu González: Mamuon Jaixa apustu bat da, iaztik datorrena. Pentsatu genuen apustu polita izan zitekeela egun berezi bat antolatzea, bai herriari zerbait ematearren, baita jendea Gaztetxera erakartzeko ere.

Eta zelan doa antolaketa?
J.G.: Guretzat zerbait berria da eta askotan zalantzak izan ditugu ea gai izango garen eguna antolatzeko. Oraingoz oso ondo doa dena eta dagoeneko azken txanpan gaude. 
M.C.: Aurreko urte amaieratik batzartzen egon gara, astero batzen, horrelako egitarau bat antolatzeak lan handia eskatzen du eta. Gainera, ez gara honetara bakarrik mugatu, urtean zehar ere egitarau zabala izan dugu. 

Egun honen antolaketak balio izan dizue zuen taldea indartzeko?
M.C.: Dudarik barik. Eta baita ilusio berezi bat pizteko ere. Zapatukoa egun polita izango da, Mamuon Jaixak ilusio handia piztu du-eta herrian.

Denentzat egun berezia izatea gura duzuela esan duzue sarritan.
J.G.: Horixe izan da helburuetariko bat, herritar guztiengana heltzea, eta baita herriko eragileengana heltzea ere. Eta, jakina, eurek egun honetan parte hartzea. Azken batean, 35 urtean jente asko pasatu da Gaztetxetik, eta eurengaitik izan ez balitz ez ginateke hemen egongo. Horrez gainera, beste herri batzuetako Gaztetxeak ere gonbidatu ditugu. Guretzat oso egun berezia da eta jendeari hori helarazi gura izan diogu. 
M.C.: Egitaraua adin tarte guztientzat pentsatuta dago. Egunari azoka bategaz emango diogu hasiera. 11:00etan umeentzako ekintzak egongo dira, Intxorta Asti taldeak antolatuta, eta 12:00etan pilota eta pala partiduak. Eguerdian elizpean batuko gara bazkaltzeko, eta arratsaldean eskaintza musikala hasiko da: txaranga, eta kontzertuak Errebonbilo kalean eta Ganondon. Gaztetxean emango diogu amaiera egunari. 

Beste ezer gehitu gura duzue?
J.G.: Gaztetxeko egitaraua ez dela hemen amaitzen. Aste honetan Mamuon Jaixa daukagu, baina hurrengo asterako ere baditugu ekintzak antolatuta. Uztailetik aurrera, Uda Gaztetxeroagaz hasiko gara, kale futbito txapelketa ere egingo dugu, eta abuztuan afariak, besteak beste. Horrez gainera, jaiei ere aldaketa batzuk egitea pentsatzen gabiltza. Ez gaude geldirik, eta ez gara egongo. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!