Zerk eraman zintuen AEBetara?
Dirua irabaztera joan nintzen, eta abentura bila ere bai. Arreba nuen han, eta lau urterako kontratuagaz joan nintzen, ardiak zaintzera. 1968ko azaroaren 31n heldu nintzen New Yorkera, beste bi lagunegaz –Mungiako bat eta Berriatuako beste bat–. Eta handik Boisera (Idaho). Igeltseroa izanik, eraikuntzan lan egin gura nuen, baina pentsatu nuen urtebete inguru eutsiko niola.
Eta halantxik egin zenuen.
Urte bi eta erdi egin nituen kanpero Idahon, Bizitoki Iraunkorreko Txartela (Green Card) lortu nuen arte. Artzaina eta biok joaten ginen ardiekin. Otsail-martxo inguruan basamortura joaten ginen, gurdiagaz. Hilabete inguru egiten genuen han, mendietan edurra kendu bitartean. Gero, hiru zaldi eta mando bigaz mendialdera joaten ginen, erreserbetara. Bi-hiru egun toki batean egin ondoren, hurrengo batera joaten ginen. Ardi-kanpoa batu eta berria muntatu, animaliak gobernatu, kozinatu... horixe izaten zen nire lana. Talde bakoitzak 2.000 buru inguru eramaten genituen, ardiak eta jaiotako bildotsak. Nevadan, artzaina bakarrik joaten zen, terrenoa hobea delako.
Lan gogorra zen hura?
Ez da gogorra, ardiak zaindu egin behar dira. Hori bai, han egon beharra dago, fraideak komentuan legez. Batzuek ez dute ulertzen, baina ohitu egiten zara han egotera, bakarrik egotera. Ni ez naiz aspertzen bakarrik egonda.
AEBetara heltzean igarriko zenuen aldaketa, ezta?
Gogoan dut Boisen hegazkinetik jaitsita dena argia zela, kaleak argiz beterik zeudela. Kolore guztietako bonbillak! Irratian Las Vegas (Nevada) ikustea ikaragarria dela entzun dut inoiz, eta pentsatu dut han ibiltzeaz gogaitu egin nintzela. Aspertu egiten naiz beti toki berean egoteaz. Gainera, jende asko batzen diren tokiak ez zaizkit gustatzen.
Bizitoki Iraunkorreko Txartela lortuta Euskal Herrira bueltatu zinen.
Bai, baina, txartela ez galtzeko, urtea pasatu baino lehenago bueltatu nintzen berriro Idahora. Eta handik segituan Elkora (Nevada) joan nintzen. Ez nuen ardiekin lan egin gura. Horregaitik, eraikuntzan lan egin nuen, tuneletan lan egiten zuen aulestiar bat ezagutu nuen arte. Orduan, Coloradora joan nintzen trenbideetako tuneletan lan egitera; zati batean, ubideak eraikitzen ere ibili nintzen, Aspen hirian. Zazpi urte egin nituen Coloradon, Fresnora (California) joan aurretik; Turbina elektrikoekin lan egin nuen han.
Urte askoan lan egin zenuen tuneletan.
15 urtean. Ondo egin beharreko lana da, tunela jausteko arriskua hor dago eta. Alde horretatik da gogorra. Diru asko irabazten genuen, eta aurreztu egin nuen. Bada, 50 urte egiteko nintzela utzi nion lan egiteari. 80ko hamarkadan, 1.000 dolar irabazten nituen astean. Coloradon, San Franciscora joaten nintzen asteburuetan. Inoiz Los Angelesera. Idahon, Denverrera.
Bueltatu zara?
Familia kontuengaitik bueltatu nintzen, 1995ean, eta lau urtean joan barik egon eta gero, urtero joaten hasi nintzen berriro, koronabirusa heldu arte. AEBek asko erakartzen naute eta badut hara bueltatzeko asmoa. Haiekin egin dut bizimodua, haiekin lan egin dut eta hango kulturara egokitu naiz. Ez dut sentitu beste batzuek Euskal Herrira bueltatzeko sentitu duten gogo hori.