Elorrion VII. Artisau eta Sortzaileen Azoka egingo dute domekan Eixu elkarteak antolatuta

Anboto 2023ko eka. 8a, 11:00

Eixu elkarteak antolatzen duen artisau eta sortzaileen azokaren zazpigarren edizioa egingo dute aurten. Bertan, 24 sortzailek parte hartuko dute, Urarka kalean.

"Mimo handiz prestaturiko azoka dugu ekainaren 11n, Urarka kalean. 24 sortzailek euren sormen lanekin eta presentziagaz beteko dute Elorrio. Gainera, azokan bertan egingo dituzten lanak ikusi eta eskuratzeko aukera ere egongo da", azaldu dute antolatzaileek. 

Hauek dira azokan parte hartuko duten artisau eta sortzaileak: Larruzko eskuak, Puouchinah, Marapilo, Jandameida, Harrikontari, Gala, Ama bitxiak, Artizar, Lioka, Aiama, Hartara, Kenika, Dzemento, Joyas Julio, Artea Soinean, Nekart, Xaboi punpuila, Barro y Mecate, 13 Gatos, Gu Gurera, Maderarte Gepetto, Sinergias Karmicas, Em Zirrimarra eta Sualai Forja. 

Bestalde, egun guztian zehar forjaketa erakustaldia egongo da azokan. Aretxabaletako Sualaik suagaz metalaren formaren eraldatze prozesua erakutsiko du. 

Adierazpen eta jolaserako txokoa ere egongo da domekan Elorrion. "Eixuko azoketan umeentzako espazioak beti du lekua. Bertan, Hosi Sound Maker zuzenean musika sortzen arituko da. Bere soinu-arte esperimentala publikoagaz partekatuko du, gorputzagaz eta objektuekin jolastuz soinuak sortuta", gaineratu dute Eixuko kideek.

Horretaz guztiaz gainera, taloak dastatzeko aukera ere izango dute azokara bertaratzen direnek. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!