"Aurreritziak apurtu baino gehiago, ikasi egin dut 'Abiapuntua' saioan"

Anboto 2023ko eka. 4a, 10:30

Maider Zubiatek (Elorrio, 1999) lagun baten bitartez izan zuen 'Abiapuntua' saiorako castingaren berri, eta birritan pentsatu barik aurkeztu zen; zertarako zen oso garbi ez bazuen ere, aitortu duenez. Elorriarrak aktore izatea du amets.

Zerk motibatu zintuen 'Abiapuntua' saioan parte hartzeko? 
Euskal gazteriaren errepresentazio bat izango den gazteen bila zebiltzala azaldu ziguten, eta horregaz bat etorri nintekeela pentsatu nuen. Gainera, soziologia ikasketak izanda ekarpenen bat egin nezakeela pentsatu nuen.

Zure ametsa betetzeko bitarteko lez ere ikusi zenuen, ezta?
Bai. Aktore izatea da nire ametsa eta hasita nago lehenengo urratsak ematen. Zenbait casting egin dut, eta film labur batzuetan parte hartu dut. Orain dirua aurrezten nabil, Madrilen aktore lez trebatzeko. Betidanik gura izan dut aktore izan, eta umetan antzerkia egindako naiz. Keira Knightley asko gustatzen zait eta Aitziber Garmendia itzela iruditzen zait. Interpretazioaren mundua oso konplikatu da, baina ahaleginduko naiz. Egia esan, 'Abiapuntua' saioan ez naiz aktore lez agertzen; ni neu agertzen naiz, naizen modukoa. Eta horrek halako errespetua ematen zidan. Baina esperientzia polita izan da. Oso lantalde jatorra eta giro ona topatu ditut, eta oso gustura egon naiz. 

Maitasun ereduak, arrazismoa eta animalien baldintzarik bako maitasuna. Hiru saio horietan parte hartu duzu. Apurtu duzu aurreiritzirik?
Aurreiritziak apurtu baino gehiago, ikasi egin dut. Animalien baldintzarik bako maitasunari buruzko saioan, ezagutzen ez nuen hainbat gauza ezagutu dut, ez nuen aurretik iritzi bat. Maitasun ereduei buruz, bai, baditut aurreiritziak. Baina oso bikote desberdinak azaldu dira, eta asko ikasi dut. Tentsoagoa izan zen arrazakeriari buruzko saioa. Oso gai mingarriak daude tartean, klasismoa ere hor dago. Kasu horretan, bai, apurtu ditut aurreiritzi batzuk. 

Eraman duzu sorpresarik?
Pertsona lodiei buruz gazte batzuek botatako iritzi batzuek asko harritu naute, adibidez. Gai batzuk oso landuta genituela uste nuen, baina ez da horrela. Bestalde, aniztasun funtzionala zuten pertsona biren arteko hartu-emanak eta gurasoekin zuten hartu-emanak ere nahikoa harritu ninduen. Oso polita iruditu zitzaidan. Hartu-emanetan, sexuagaz, familian, lanean.... zailtasun eta traba gehiago dituztela pentsatzen nuen, eta ez da horrela. Besteok ipintzen dizkiegu trabak.  

Aurreiritzi asko dugu?
Bai, eta ez dugu horietaz berbarik egiten. Berba eginez gero, pertsona desberdinak ezagutuz gero, baliteke aurreiritzi horiek apurtzea. Ondo legoke noizbehinka ispilu baten aurrean ipintzea, ez norbere burua zigortzeko, inoiz pentsatu ez dugun gai horren inguruan hausnartzeko baino. 

Baduzu buruan momentu berezirik?
Elorrion, Euskadiko Laguntza Txakurren Taldean egindako 24 orduko boluntario lanak asko hunkitu ninduen. Lan itzela egiten dute eta asko gustatu zitzaidan taldea ezagutzea.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!