2014az geroztik, 20 urtetik beherako gazteen trikitixa txapelketa ospatzen da urtero Elorrion, Elorrioko Trikitizaleen eta Elorrioko Udalaren ekimenez. Pandemiaren etenaldiaren ostean, VII. edizioa izango da aurtengoa.
Lehiaketan hiru pieza jo beharko dira: trikitixa, porrusalda eta fandagoa. Eta epaimahaia hiru lagunek osatuko dute (trikitilari profesional batek, ospe handiko pandero jotzaile batek eta antolakuntzako kide batek).Hauek piezen zailtasuna, kantua, dantzagarritasuna eta bestelakoak aztertuko dituzte.
Antolatzaileek azaldu dutenez, lehiaketaren helburu nagusia trikitixari ikusgarritasuna ematea da. "Kirol ekitaldi, azoka, festa, omenaldi eta bestelakoetan trikitixa entzutera ohituta gaude, baina aspalditik ikusten dugu kalean duen presentzia jaisten ari dela", azaldu dute Elorrioko Trikitizaleak elkartekoek.
Lehiaketan hiru sari egongo dira: irabazleek 300 euro jasoko dituzte; bigarrenek 200 euro eta hirugarrenek 150. Parte hartzen dutene bikote guztiek, berriz, 80 euroko dieta izango dute.