Elorrioko Udala eta Bizkaiko Foru Aldundiko Garraio Azpiegituretako zuzendaritza hainbat bider batu dira elorriarren premiak betetzeko asmoz. "Baina egoera aztertuta, zerbitzuak ezer gutxi hobetu dira eta Aldundiari eskaera formala egin diogu. Elorrio mugan dagoen herria izanik, ez du Bizkaiko beste herririk gehienek duten garraio zerbitzu publiko berdina; nabarmen kaskarragoa dela esango nuke", azaldu du Idoia Buruaga alkateak.
Bestalde, udaletik jakinarazi dute, hainbat eskaera eduki arren, zerbitzu bitan ipini dutela jopuntua: Galdakaoko ospitalera doan linean eta Leioako Campusera doanean. Lehenengoari dagokionez, linearen ibilbidea luzeegia dela azpimarratu dute; izan ere, autobusak 30 geldialdi baino gehiago egiten ditu Elorriotik Galdakaora heltzeko. Unibertsitatera doan lineari dagokionez, Leioara doazen ikasleek autobus bi hartu behar izaten dituzte.