Urtebeteko ikerketa prozesuaren ostean, Elorrio Lagunkoia Txantxibiri taldeak herrian egindako diagnostikoaren berri eman du. Honen helburua adinekoen bizi-kalitatean eragiten duten oztopoak detektatzea izan da, eta horiei aurre egiteko hobekuntza-proposamenak jasotzea.
Diagnostikoa osatzeko, informazioa hiru bidetatik jaso da: bigarren mailako iturrien analisia, lagunkoitasun-galdetegiak, eta herritarren eta talde fokalen topaketak. Hori horrela, 181 pertsonak partekatu dituzte beraien iritziak galdetegien bidez, eta 60 urtetik gorako 54 pertsonak parte hartu dute herritarren topaketan.
Ondorio orokor moduan, inkestak bete dituzten herritarren artean, hamarretik zazpik uste dute Elorrio bizitzeko "herri atsegina edo oso atsegina" dela. Soilik %11k dio ez dela atsegina. Alderdi positiboiei dagokienez, gehien baloratzen dena familiarekiko, lagunekiko eta auzoarekiko harremana da. Horren atzetik, parkeak eta aire zabaleko eremuak baliosten dira eta ostean, udalerrian gertatzen denari buruzko komunikazio eta informazio moduak.
Hobetzekoari dagokienez, balorazio txarrena jaso duten alderdiak etxebizitza eta osasun-zerbitzuak dira. Gainera, aire zabaleko ekipamenduen mantentze eta garbiketa lanetan hobetu beharreko alderdiak ere aipatzen dituzte, besteak beste.
Bestalde, udaletik jakitera eman dute gai horiek guztiak 2023an egingo den Ekintza Planean jasoko direla.